Edukira joan

Sorgin

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sorgin
sorginkeria egiten duena
Ezaugarriak
Baliokideakazti

Sorginak, oro har, naturaz gaindiko botereak gaizkia egiteko erabiltzen dituzten mitologia zein folkloreko gizakiei ematen zaien izena da. Gehienetan, emakumezko izaten dira. Magiarekin zein deabruarekin lotu ohi dira, baina historian aldatu den terminoa da. Euskal mitologian sorgina pertsonaia garrantzitsua da, akelarreekin eta hainbat ipuinekin lotzen baitira. Mendebaldeko folklorean, sorgin baten irudikapena oso lotuta dago gaur egun erratz baten gainean hegan egiteko gaitasuna duen emakume batenarekin, akelarrearekin (sorginen bilera) eta sorgin-ehizarekin (sorgin eta sorginen bilaketa eta identifikazioa). Hala ere, Erdi Aroan lotuago zegoen ametsetan agertzen ziren espirituekin, ingumaren antzekoak[1].

Silvia Federiciren arabera, sorginaren irudiak XVI. eta XVII. mendeen artean jazarriak izan ziren emakumeak irudikatzen ditu, kapitalismoaren sorrera oztopatzen zuten bizitza eta lan forma komunitarioak suntsitzeko proiektu politiko-ekonomiko baten parte gisa. Zentzu horretan, Europa osoan zehar hedatu ziren sorgin-ehizak, zein Euskal Herrian abiatutakoa Aro Modernoarekin lotuta daude, eta emakumeen gorputzak diziplinatzeko, ugaltzeko gaitasuna kontrolatzeko eta komunitateen autosufizientzia sostengatzen zuten jakintzak eta praktika autonomoak desartikulatzeko estrategia kontzientea izan zen[2].

Emakume sorgina kultura garaikidean errepikatzen den pertsonaia da, ipuinei, eleberriei, filmei eta jai herrikoi ugariei esker. Horietan, sorgin-ehizan egotzi ohi ziren ohiturak errepresentatzen dira, akusazio horiek benetakoak balira bezala.

Hitzaren jatorria ez dago argi. Koldo Mitxelenak sor(tu) + gin osagaiak proposatu zituen, baina sor aditzaren "sorgortu, moteldu, (mina) arindu edo baretu " esanahia hobesten du, belargileek edo sorginek oinazea arintzen baitzuten.[3]. Bestalde, latinezko sortem hitzarekin lotzeko arazo handiak daudela idatzi zuen[4], izen horrek, *zortagin, *zortkin edo *zortgin emango zuelako.

Gaur egungo espezialistentzat baztergarri diren beste etimologia batzuk ere proposatu izan dira:

  • Batzuen ustez sor + gin da. Hau da, sor > sor(tu) aditz erroa + -gin atzizkia. Hortaz sortzen duena edo sortzailea litzateke. [erreferentzia behar]
  • Joxe Miguel Barandiaranek uste izan zuen "sor", sortu aditzarekin lotuta egongo zela eta proposatu zuen "Sorgina", "Sorzaina" izena ere izango zuen eta jaiotzak zainduko zituen jeinua izango zela[5].
  • Caro Barojak uste zuen, hasierako sor hitza latinezko sortem[oh 1] zela (zori edo patu adieran). Hortaz, patu-egile edo zori-iragarle litzateke[6]
  • Mikel Azurmendi idazle eta antropologoak uste du sor hitza berak egungo "sorginkeria" esanahia zuela eta Mitxelenak proposatutako sorgortu beraren ildotik doa. Sor bat botatzen duenak sorgortzen du: tontotu, moteldu, sentsibilitatea kendu. Eta beraz, sorgina "sorgintzen duena" , "sorginkeria botatzen duena". da[5].
  • Rafael Castellanoren "Sutondoan, sombras y quimeras del eusko-lur" liburuan XII. mendean Tarn-eko bailaran idatzitako "enquiridión" batetaz mintzo da. Etorkizuna jakiteko erabiltzen zen liburu hura erabilpenari "faire les sorts" esaten zioten mendebaldeko Pirinioetan eta bere iritzian sorgin hitzak eragiketa honen itzulpen zuzenatik letorke. Ad locum qui uocatur Sorguinarizaga = Sorginarizaga esaten dioten lekuan.

Erdal bruxa hitzak jatorri zelta izan dezake, 'brío' hotsak bezala, esanahi honekin: indarra > adurra (indar magikoa). "bruixa" hitza edo antzekoa sortzen duen erroa hizkuntza zeltiar guztietan zegoen oso antzeko forma batean. Hizkuntza galo-erromantzeetan agertzen denez, horietan galieratik hartua izan daiteke. Adibidez, galizieraz oso bestelakoa da darabilten hitza: meiga. Wikitionaryn, 'bruixa' zeltiberiarretik datorrela dioen arren, gaztelaniaz eta portugesezko 'brujo/bruja' eta 'bruxa' okzitanieratik hartu zuten eraginaren ondorio izan daitezke. Bestalde, latinezko 'sorte'-ri erreferentzia egiten dioten etimologiak erromantzezko 'sorcière' [sorgina] (< *sortarius) hitzaren haritik datoz.

Sorgin-ehizak eta aro modernoko epaiketen hilketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aro amaieran eta Aro Modernoaren hasieran, Europa osoan barreiatu zen sorginenganako izua eta, horregatik, haien aurkako jazarpena eta epaiketak. Sorginenganako sinesmena bazen Europan, baina eliz gizon batzuek sorginkeria satanismoarekin lotzen hasi ziren eta sorginkeria bekatu larria eta delitu bortitza. Sorgin-ehiza prozesuak hasiko ziren.

Euskal Herrian ere izan ziren epaiketa edo sorgin-ehiza hauek, batez ere Nafarroa Garaian eta Lapurdin, hau da, Xareta osatzen duten herrien inguruan eta Donibane Lohizune inguruan.

Gaztelako Erresumak 1478 sortu zuen Inkisizioa, batez ere juduen eta musulmanen aurkako epaiketak egiteko. 1512-21 urteetan Nafarroako Erresuma konkistatzean, bertako sineskeren aurka ere ekin zuen, sorginak jomugan jarriz. Hala, 1525ean, operazio militar nagusiak amaitu eta hurrengo urtean, sorginen lehen jazarpen handia izan zen Nafarroan, eta Euskal Herrian.

Pertsekuzio ezagunena Inkisizioaren 1610. urteko Logroñoko prozesua izan zen, Zugarramurdiko akelarreari buruz. 12 emakume erre zituzten, haietako bost sinbolikoki, galdeketetako torturapean hil baitzituzten. Aurreko urtean, 1609an, Bordeleko epaile zen Pierre de Lancrek epaiketa erraldoia hasi zuen Lapurdin, uste baitzuen ia lapurtar guztiak sorginak zirela. Azkenean, 70 lagun erre zituen, artean zenbait apaiz. Azkenean, Bordeleko Parlamentuak itzularazi egin zuen, lapurtarren matxinadaren beldurrez.

XVI. mendeko Akelarre baten alemaniar irudikapena
1626. urteko Akelarrearen alemaniar irudi bat, Pierre de Lancre-ren tableau de l'inconstance des mauvais anges et demons-en 1612. urtean argitaratutako marrazkian oinarritua

Mendebaldeko historian gorde den sorginaren iruditeria, adibidez, erratzean hegal egiten duten sorginena, XV. mende hasieran sortu zen.[7] Ordu arte inork ikusi ez zuenaren irudia hainbat marrazkilari eta margolarik elikatu zuten. Bruegel Zaharra izan zen horietako artista bat.[8] Hala ere, sorginkeriaren inguruko sinesmenen irudia finkatu eta zabaldu zuena, eztabaidarik gabe, Pierre de Lancre izan zen. 1612. urtean bere ikerketa eta epaiketen batezbestekoak "Tableau de l'inconstance des mauvais anges et demons" liburuan argitaratu zuen gehigarri batekin batera, Ziarnko Jan-en Akelarrearen grabatu erakuslea. Eta grabatu hau erakuslea izan zela esana beharra dago ondorengo artisten irudimena eta letragabe europarren asmakizunen iturri bihurtu zelako. Letragabe zen gizartean irudi horretan agertzen diren gertakizunak ahoz aho mendebaldeko Europan sorgin izua zabaldu eta horren ondorioz sorgin-ehizak sarraski batean bukatu zuten ondorengo urteetan.

Sorgin-ehiza itsasoa zeharkatu eta Europatik aparte Estatu Batuetan ere gertatu zen. 1692-93. urteetan Salemeko epaiketek amaitutzat eman zuten sorginen ehiza. Eskozian, 2.558 pertsona exekutatu zituzten 1563tik 1736era sorginkerian ibiltzea leporatuta.[9]

  1. Sortem, Sors izen arruntaren akusatiboa da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «LA CAZA DE BRUJAS EN PAMPLONA | Katakrak - Librería, Cafetería, Editorial, cooperativa» katakrak.net (kontsulta data: 2025-12-08).
  2. «Caliban eta sorgina» Dabilen pentsamendua (kontsulta data: 2025-12-08).
  3. Mitxelena, K. (1970). "Nombre y verbo en la etimología vasca". Fontes Linguae Vasconum, 4, 72. or, oharra. Iruña: Nafarroako Gobernua, Vianako Printzea Erakundea. PDF deskarga daiteke César Borgia Dokumentazio zentroan:
  4. Mitxelena, K. (1955): Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio Urquijo", 2. Donostia: Real Sociedad Vascongada de Amigos del País, 25. or.
  5. a b Azurmendi, Mikel. (1993). Nombrar, embrujar: para una historia del sometimiento de la cultura oral en el País Vasco. Alberdania, 243 or. ISBN 848866302X. PMC 31044117. (kontsulta data: 2018-12-30).
  6. Caro Baroja, Julio. (1973). Las brujas y su mundo. (4. argitaraldia) Madril: Alianza Editorial, 358 or. ISBN 8420610127 / 788420610122. PMC 2943130. (kontsulta data: 2018-12-30).
  7. (Ingelesez) Bailey, Michael D.. (2024-03-05). «Can witches fly? A historian unpacks the medieval invention − and skepticism − of the witch on a broomstick» The Conversation (kontsulta data: 2025-04-26).
  8. (Gaztelaniaz) González Freyre, Clara. (2019-11-02). «¿Cómo llegaron las brujas a volar en escoba?» Verne. El País (kontsulta data: 2019-12-12).
  9. (Gaztelaniaz) Agirrezabal, Aitor. (2021 URT. 05). «Perdón y memoria para las más de 2.500 brujas de Escocia» Naiz (kontsulta data: 2021-01-06).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]