Edukira joan

Siddhartha Gautama

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Artikulu hau Buda pertsonaia historikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Buda (argipena)».
Siddhartha Gautama

Bizitza
JaiotzaLumbini, K.a. I. milurtekoa
HeriotzaKushinagar, K.a. I. milurtekoa ( urte)
Heriotza moduaberezko heriotza
Familia
AitaŚuddhodana
AmaMaia
Ezkontidea(k)Yaśodharā (en) Itzuli
Seme-alabak
Haurrideak
Leinuafamily of Gautama Buddha (en) Itzuli
Hezkuntza
HizkuntzakMagadhi Prakrit (en) Itzuli
Paliera
sanskritoa
Irakaslea(k)Alara Kalama (en) Itzuli
Mah maudgalyana (en) Itzuli
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakbhikkhua, filosofoa, erlijio sortzailea, erlijio burua, idazlea, gizarte-erreformatzailea, spiritual teacher (en) Itzuli, psikiatra, psikologoa eta predikaria
InfluentziakDīpankara Buddha (en) Itzuli
MugimenduaBide Zortzikoitz Zintzoa
Nirvana
Dharma
Ideologia eta sinesmenak
Erlijioabudismoa

Siddhārtha Gautama (sanskritoz: सिद्धार्थ गौतम, palieraz: Siddhattha Gotama) Buda Gautama, Buda Shakyamuni edo sinpleki Buda izenez ere ezaguna, Sakya tribuko Kapilavastuko printze indiarra zen, Indiako azpikontinenteko maisu espirituala eta budismoaren sortzaile historikoa. Ez dakigu zehatz-mehatz noiz jaio, eta noiz hil zen, baina, egungo adituen ustez, K.a. 563 urtearen inguruan jaio zen[1] Lumbinin, eta K.a. 483an hil Kushinagar-en. Oinazea eta heriotza ezagutzeak jauregiko bizimodu erosoa utzi, eta bizitzaren egiaren bila abiarazi zuen. Gogarte-aldi luzeen ondoren giza izatearen misterioa argitu zuelakoan, Buda izena eman zioten. Bere mezu osoaren muina, «lau egia jatorretan» bildu zuen. Bere irakaspenak oinarri hartuta sortu ziren budismoa eta eskola vaishnava asko[2][3][4],​​ eta budistek gurtzen dute Nirvanaranzko bidea (literalki, desagertze edo iraungitze) erakutsi zuen izaki erabat argitu gisa, baita ezjakintasunaren, atxikimenduaren, berpizkundearen eta sufrimenduaren askapena ere erakutsi zuena; hinduismoan, berriz, Dasavatara gisa gurtzen dute, eta siddhi guztiak menderatzea lortu zuen gizaki gisa. Indiako azpikontinentearen ipar-mendebaldean irakatsi zuen nagusiki, berrogei bat urtez[5]. Bere irakaspena sufrimenduaren eta sufrimenduaren amaieraren ikuspegian oinarritzen da (nirvāṇa).

Tradizio budistaren arabera, Lumbinin jaio zen, gaur egun Nepal dena, Sakia errepublikan, familia aristokratiko batean. Luxuzko bizitzari uko egin zion, eta, zenbait urtez eskean, meditazioan eta aszetismoan ibili ondoren, esnatze espirituala izan zuen. Hala, Buda izenarekin ezagutzen da, eta «esna dena» esan nahi du[6]. Gero, Budak Gangesen lautadan zehar bidaiatu zuen erakutsiz eta komunitate erlijiosoa eraikiz, gizon eta emakumeak, laikoak eta monastikoak barne hartzen zituena.

Budak, Indiako eskualde horretan ohikoa den aszetismo zorrotz (Sramano mugimenduan praktikatua) eta konplazentzia sentsualaren artean, erdiko bide bat erakutsi zuen[7].​ Bere bide espiritualak barne hartzen zituen entrenamendu etikoa eta praktika gogoetatsuak, hala nola dhyana eta arreta osoa. Budak apaiz brahmanen praktikak ere kritikatu zituen, esaterako, animaliak hiltzea. Kushinagarren hil zen, paranirvana lortuz. Harrezkero, Asian, erlijio eta komunitate ugarik gurtzen dute.

Hil eta mende batzuetara, komunitate budistak bilduma zabaletan bildu zituen bere irakaskuntzak, hitzaldiak (Sutrak) eta kode monastikoak (Vinaya). Irakaspen horiek dialekto prakritoetan transmititu ziren, hala nola Palieraz, eta Indian zehar hedatu ziren komunitate ezberdinetan ahozko tradizio baten bitartez[8][9]. Ondorengo belaunaldiek testu gehigarriak osatu zituzten: tratatu sistematikoak (Abhidharma), Budaren biografiak, haien iraganeko bizitzei buruzko herri-ipuinen bildumak (Jataka) eta hitzaldi gehigarriak (Mahāyāna sutrak)[10][11].

Buda izena eta jainkotasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Budista guztientzat, gure garaiko Buda gorena da Buddha (P. sammāsambuddha, S. samyaksaṃbuddha). Buda (Buddha) berba pali eta sanskrito antzinako hizkuntzetatik dator, eta «iratzarri dena» esangura du. बुद्ध (buddha) itzultzeko euskarazko beste termino batzuk izan daitezke argia: argitsua, argitua edo gogargietsia.[12]

Budismoan, ez dute Buda hitza pertsonaia historikoa aipatzeko bakarrik erabiltzen, baizik eta Siddharthak lortutako gauza bera lortu duen edonor aipatzeko. Horregatik, askotan, Gautama Buda izendatzen dute.

Gainera, budistek ez dute uste Gautama Buda izan zenik lehen edo azken argitua. Kanon batzuen arabera, Buda Gautama zerrenda luze bateko 28.a izan zen budetan.[13]

Budistek ez dituzte budismoaren irakaspenak hartzen, ez jainkozko agerkaritzat, ezta fede-dogmatzat ere, ikergaitzat baizik. Buda Gautamak berak esan zuen berea ez zela jainkozko esperientzia, eta, gainera, mundu-ikuskera budistak berak dio budaren egoera gizakiek baino ezin dutela lortu.[14]

Siddharta Gautamak esan zuen gizateriaren eta jainkotasunaren artean ere ez dagoela bitartekaririk. Buda adibide bat besterik ez da, gida eta maisu, bidea bere kabuz egin behar duenarentzat. Filosofiaren eta praktika gogoetatsuaren sistema budistan, ez zen jainkozko agerpenik izan, baizik eta mundu guztiak izan dezakeen adimenaren ulermenaren emaitza, Siddharta Gautama izeneko gizakiak lortua eta irakatsia.

Tradizioaren arabera, buda batek botere espiritual edo naturaz gaindiko batzuk izan ditzake. Hala ere, botere horiek bigarren mailakotzat hartzen dira Gautama Budaren beraren jarraibideen arabera, eta, horrela, nagusiki, buda bat erabat esna dagoen pertsona bat da, funtsezko egiaren berri eman duena: bizitzaren izaeraren berri.

Buda Gautama historikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Indiako antzinako erresumak eta hiriak Budaren garaian (K.a. 500 ing.)

Bere jaiotza eta heriotza datak ez dira batere ziurrak; K.o. XX. mendearen hasierako historialari gehienak K.a. 563 eta 483 urteen artean bizi izan zela diote[15], baina, iritzi berriagoetan, K.a. 486 eta 483 bitartean hil zela adierazten da, eta, beste batzuen arabera, K.a. 411. eta 400. urteen artean[16][Oh 1][Oh 2].​​ Hala ere, gai horri buruz 1988an egin zen sinposio batean[15],​ behin betiko iritziak aurkeztu zituzten gehienek Budaren heriotzaren data K.a. 400. urte inguruan aurki daitekeen aldia eman zuten datatzat. Dena den, kronologia alternatibo horiek oraindik ez dituzte historialari guztiek onartu[18].​ Lumbinin balizko santutegi budista bat aurkitzea, Maya Devi tenplua, K.a. 550. urtekoa, gutxi gorabehera, Budaren jaiotze-data are atzerago jar dezake[19].

Ez da aurkitu Gautama bizi zela egindako erregistrorik, ezta hil eta mende gutxitara egindako idazkirik ere. Gandharako testu budistak dira gaur egunera arte iritsi diren eskuizkribu budistarik zaharrenak, K.a. III. eta I. mendeen artean idatziak[20] eta Hadda inguruan aurkituak, Jalalabadetik gertu, Afganistango ekialdean. Gaur egun, Britainiar Liburutegian gordetzen dira. Karosti karakteretan idatziak izan ziren, gāndhāri hizkuntzan eta urkiaren azalezko hogeita zazpi biribilkitan.

Testuinguru historikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mahākāśyapa Ājīvika aszeta batekin elkartzen da, antzinako Indian ohikoak ziren Śramaṇa talde bat.

Sakamuni edo Sakyamuni izena (sakiarren jakintsua) eta lehen testuetako beste ebidentzia batzuek iradokitzen dute Buda sakia klanean sortu zela, geografikoki zein kulturalki periferian zegoen komunitate bat, K.a. V. mendeko Indiako azpikontinentean. Errepublika txiki bat edo oligarkia zen komunitatea. Baliteke bere aita buruzagi hautatua edo oligarka bat izatea[21].​ Johannes Bronkhorst-ek Magadha handia deitzen dio ekialdeko kultura horri, eta hau adierazten du: «budismoa eta jainismoa kultura ez-vediko batean sortu ziren»[22].

Shakyak ekialdeko talde etniko bat zen, bere burua Āryāvarta (ariarren egoitza) kanpo jartzen zuena eta jatorri nahasikoak (saṃkīrṇa-yonayaḥ, seguraski alde ariar eta alde indigena). Manuren legeak (10.11, 22) eta Baudhāyana-dharmaśāstra (1.1.2.13-4) ez-ariartzat hartzen dituzte, eta haiek ikuste hutsak sakrifizio garbitzailea eskatzen zuen ordaintze gisa[23].​ Hori Ambaṭṭha Sutta palian baieztatzen da, non esaten den shakyak «hizketa zakarrekoak» eta «morroi-jatorrikoak» direla, eta brahmanek kritikatzen dituzte «ez dituztelako haiek ohoratzen, errespetatzen, estimatzen, agurtzen edo omentzen». Tribu horren praktika ez-vediko batzuek barne hartzen zuten intzestua (neba-arreben arteko ezkontza), zuhaitzei, zuhaitzen espirituei eta nagei gurtza egitea[23]. Levmanen aburuz, «nahiz eta shakyen eta beren arbaso mundaren hizkera zakarrak ez duen hizkuntza ez-indo-arioa hitz egiten zutenik frogatzen, beste froga asko daude iradokitzen dutenak izatez talde etniko (eta seguru asko linguistiko) bereizia zirela»[23].

Brahman vedikoez gain, Budaren bizitza, eragin handiko śramaṇa pentsamendu eskola, hala nola ājīvika, cārvāka, jainismo eta ajñana, loraldiarekin batera gertatu zen[24].​ Brahmajala Suttak pentsamendu-eskola horietako hirurogeita bi erregistratzen ditu. Testuinguru horretan, śramaṇa lan egiten duen edo ahalegintzen den (helburu nagusi edo erlijiosoren batengatik) norbaiti buruz ari da. Halaber, pentsalari eragingarrien garaia ere izan zen, hala nola Mahavira, Pacuvira, Makkhali Gosāla, Ajita Kesakambali, Pakudha Kaccāyana eta Sanyaia Belatthaputta, Samaññaphala Sutta-n jasotzen den moduan eta ziur aski Budak ezagutzen zituenak[25][26]. Halaber, badaude froga filologikoak ere iradokitzen dutenak Budaren bi maisuak, Alara Kalama eta Uddaka Rāmaputta, benetan irudi historikoak zirela eta, segur aski, meditazio-tekniken bi forma ezberdin irakatsiko zizkiotela Budari[27].​ Horrela, bada, Buda pertsonaren santutasuna bere aszetismo mailagatik epaitzen zen garai bateko filosofo ugarietako bat baino ez zen[28].

Iturri goiztiarrenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bu-dhe (𑀩𑀼𑀥𑁂), Sa-kya-mu-nī (𑀲𑀓𑁆𑀬𑀫𑀼𑀦𑀻) Brahmi idazkeran, Lumbiniko zutabearen idazkuntzan (K.a. 250 ing.).

Hasieran, komunitate budistak ahoz transmititu zituen testu guztiak. Testu horiek, sutta (palieraz) edo sutra (sanskritoz), K.a. I. eta K.o. II. mendeen artean idatzi ziren eskuizkribu moduan. John S. Strongek pasarte biografiko batzuk ikusten ditu paliera kanonean, Txinako kanonean, Tibeteko kanonean eta sanskritoko testuetan, materialik zaharrena gisa. Besteak beste, Bilatze nobleari buruzko diskurtsoa (palieraz: Ariyapariyesana Sutta) eta beste hizkuntza batzuetan dituen paraleloak agertzen dira[29]. Beste iturri kanoniko goiztiar batzuk dira: Mahāparinibbāṇa Sutta (Digha Nikaya "DN" 16); Mahāsaccaka Sutta (Majjhima Nikaya "MN "36); Mahapadana Sutta (DN 14), eta Achariyabhuta Sutta (MN), zaharragoak izan daitezkeen kontuak dituztenak baina biografia osoak ez direnak.

Biografia mitikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

[[Archivo:023 Lalitavistara, Bodhisattva in Tusita Heaven.jpg|thumb|375px|Bodhisattva monumentua Tushitan, Buda jaio aurrekoa, Borobudurren. Monumentu budista erraldoi honek Budaren bizitzaren irudikapen ugari ditu, Lalitavistaratik hartutakoak. Sidarta Gautamaren bizitzari buruzko hainbat iturri biografiko daude, eta, batzuetan, elkarren arteko gatazkan sartzen dira. Testu goiztiarren ondorengoak dira. Horien artean daude: Budakarita, Lalitavistara sutra, Majavastu eta Jataka ipuinak.

Aurrekoen artean, Budakarita da biografiarik goiztiarrena eta osatuena. Asvagosa poetak idatzitako poema epikoa da, K.o. II. mendearen hasierakoa izan daitekeena.​ Hurrengo biografia antzinatasunean, Lalitavistara sutra da, mahāyāna eta sarvastivada tradiziokoa eta K.o. III. mendean datatua. Majasamgika eta Lokotaravada eskoletako Majavastua antzinako beste biografia garrantzitsu bat da, K.o. IV. mendera arte, gutxi gorabehera, modu progresiboan egina.​ Osoena, Darmaguptaka eskolaren biografia da; Abiniskramama Sutra du izenburu, K.o. III. eta VI. mendeetako txinatar itzulpenen artean. Azkenik, Sri Lankako theravada tradizioko Nidanakata edo Jataka kontakizunak, K.o. V. mendean Budagosak konposatu zituenak.

Kondairazko irudikapenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pala dinastiaren garaiko margoa, Buda Gautamaren jaiotza miresgarria irudikatzen duena, Mayadevi erreginaren albo batetik sortuz. Sutra Astasahasrika Prajnaparamitaren ilustrazioa, ranjana alfabetoz sanskritoz idatzitako eskuizkribua. Nalanda hirian, Indiako Bihar estatuan.

Lehen testu budistetan, nikāyak eta āgamak, Budak ez du bere burua orojakinduriaren jabetzaz irudikatzen, ezta betiereko izaki transzendente (lokotara sanskritoz) gisa ere. Bhikkhu Analayoren arabera, Budaren orojakintzako ideiak (deifikatzeko gero eta joera handiagoarekin batera) geroago baino ez dira aurkitzen, Mahayana sutretan eta ondorengo iruzkin edo testuetan, hala nola Mahāvastun[30]. Bere orojakintasunaren kontrako ebidentzia lehen testuetan agertzen da. Sandaka Suttan, Anandak, Budaren dizipuluak, orojakileak direla dioten maisuen baieztapenen kontrako argudio bat deskribatu du[31]. Tevijjavacchagotta Suttan, Budak berak dio inoiz ez duela esan orojakile denik, baizik eta «goi-mailako ezagutzak» dituela x(abhijñā) dio[32] .

Siddhārtha printzea Sakya tribuko familia noble batean jaio zen K.a. 563an gutxi gorabehera, gaur egun Nepal herrialdean dagoen Lumbini herrian. Aitak Śuddhodana izena zuen, eta Śākya gobernatzen zuen erregea zen. Hark jauregi bat zeukan Ganges ibairen ondoan, non Siddhārtha bizi zen. Ama Māyā Devi erregearen emaztegai bat zen, eta, Siddhārtha jaiotzean, hil egin zen. Orduan, ama falta zuenez, bere izeko Pajapatiak hezi zuen.

Egun batean, Brahman Asita jakintsuak Siddhārtharen aitari esan zion bere semea erlijio maisu handia izango zela, baina hark ez zuen hori gertatzea nahi, tronuko ondorengoa izatea espero baitzuen. Hori jakinda eta gerta ez zedin, bizitzaren alderik txarrena ez bazuen ezagutzen ez zela hori gertatuko pentsatu zuen. Horretarako, bizitza eroso eta errealitatearekin zerikusirik ez zuen bizimodua eratu zuen haren ingurunean.

Siddhārtha printzearen lehengo 29 urteak bizitza oso eroso eta luxuz beteak izan ziren familiarekin. Baina, egun batean, jauregiko kanpoko aldean gertatzen zenaren ikusnahia piztu zitzaion. Orduan, bere aitari baimena eskatu zion, eta hark baimena eman, baina, irteera, aitak prestatu zuen. Hala ere, ez zuen mina ez sentitzea lortu, eta lehenengo aldiz ikusi zituen gaixoak, zaharrak eta hildakoak.

Uko handia eta bizitza aszetikoaren hasiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zahartasuna, gaixotasuna eta heriotza ezagutzean, jauregitik alde egin zuen semea eta emaztea bertan utziz. Siddhārthak bere burua soildu, eta, dirurik gabe eta jantzi hori batekin, argitasunaren bila joan zen.

Urte batzuk pasa ondoren, Siddhārthak izena aldatu, eta Gautama izena hartu zuen; horregatik, Siddhārtha Gautama izenarekin da ezaguna.

Budismoaren testu eta irakaskuntzetan, «ihes handia edo uko handia» esaten zaio Budaren bizitzako une funtsezko horri. Kapilavastu-n zuen jaurgia utzi egin zuen bizimodu aszektiko bat bizitzeko (sanskritoz: śrāmaṇa: σrmaira, palieraz: sāmaṇa: sοmaa). Uko handia esan ohi zaio sakrifizio handitzat hartzen delako. Ekitaldi horren kontakizun gehienak zenbait tradizio budistako testu budista post-kanonikoetan aurkitzen dira, horiek baitira osoenak. Hala ere, lehen aipuak baino testu mitologikoagoak dira horiek.

Gandhara kulturako Uko Handiaren errepresentazioa: Siddharthak bere jauregia uzten du, jainkozko irudiek zaldiaren apatxak daramatzatelarik airean. Zaldia ere laster utzi zuen atzean, aszeta osoa bihurtzeko.

Kontakizun ohikoaren arabera, 29 urte zituenean, lehen aldiz ikusi zituen budismoan lau ikusmirak esaten dena: agure bat, gaixo bat, gorpu hil bat, eta inspirazioa eman zion aszeta bat. Ikusmiren zirrarak astinduta, printzea esnatu egin zen gau batean, eta, ikusi zituen gauza guztiekin hunkituta, printzeak jauregitik alde egitea erabaki zuen gauaren erdian, aitaren borondatearen aurka, seme jaioberria atzean utziz gainera. Anomiya ibaira joan zen Chandaka gurdi-zaindari edo morroiarekin eta Kanthaka bere zaldiarekin, eta ilea moztu zuen.[33] Ondoren, morroia eta zaldia atzean utzita, basora joan zen, eta monje tunika hartu zuen jantzitzat.

Uko handia asko agertu da arte budistan. Tenplu eta erritualen antolakuntzan eragina izan du zenbait komunitate budistetan. Uko handiaren bertsio aldatu bat Barlaam eta Josafat kristau-santuen legendan dago, XI. mendeko kristautasunean asko zabaldu zen kondairan. Nahiz eta istorioak errege kristau garaile eta aszetiko bat deskribatzen duen, argi dago bere jatorrian gai eta doktrina budistak daudela.

Ukoaren ondoren, urte batzuk igaro zituen jan gabe edo ahal zuen gutxien edaten, besteei laguntzen eta gogoeta egiten.

Gauza guztien ondorioz eta hiltzear zegoela, maisu bati entzun zion bere ikasleari esaten zitararen kordak gogortzen baldin bazituen ez zuela soinurik sortuko eta kordak solte baldin bazeuden zitarak ez zuela soinurik sortuko ere. Orduan, Siddhārtha konturatu zen ez zela, ez bata, ez bestea, eta zerbait jan zuen, eta, burua garbitu ondoren, zuhaitz batera joan zen gogoeta egitera. Nirvana lortu baino lehen, berak bizi izan zituen bizitzak ikusi zituen. Azkenik, nirvana lortu zuen, hau da, argitasuna lortu zuen. Horregatik, besteei berak ikasi zuena irakatsi zien; horren ondorioz, buda gehiago egon ziren.

Budak, heriotzak laster hartuko zuela jakin zuenean, bere ikasleei esan zien orain berek hartu beharko zutela ekimena eta bera gabe bere lana aurrera eraman. Haren ikasle Ananda azkar konturatu zen irakaspena, denborarekin, ahaztu egingo zela, maisuaren memoria gordetzeko moduren bat aurkitu ezean. Ikasle horren ekimenez galdera luzatu zioten, ea ezingo zuketen nolabaiteko ordezkorik irudikatu gogoratu ahal izateko, bai bere pertsona, bai bere irakaskuntzak. Era honetako beharrak asetzeko, nolabaiteko baiezkoa eta baimena eman zien Budak: batetik, fededunak bere bizipenetako lekuetara erromesaldiak egin zitzaketen. Leku horietan, gertakariak gogoratu ahalko zituzten gaizkiaren eta ezjakintasunaren aurkako garaipena, haiek imitatzera animatzeko. Halaber, erraustu ondoren, bere erlikia fisikoak (sanskritoz: sariradhatu, paliz: dhatucetiya ) hartu, eta estupak eraikitzeko baimena eman zien. Budak ez zuen bere irudi propioari buruzko instrukziorik eman aro hartan, eta, berez sortu ziren tenplu eta arte-adierazpideetan, irudi anikonikoak ziren nagusi lehen mendeetan, Buda pertsona erakusten ez zutenak. Buda bere giza itxuran irudikatzen zuten lehen irudiak gure aroko I. edo II. mendean agertu ziren garai berean Gandharan (gaur egun Afganistan) eta Mathuran (Indiako iparraldean).

Siddhārtha Gautama 80 urte zituela hil zen janari-intoxikazio baten ondorioz, K.a. 486an, gutxi gorabehera.

Printze eta erlijiogizon

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Buda estatua baten belarri luzatu eta zulatua (Kamakura, Japonia): printzeek erabiltzen zituzten belarritako pisutsu eta handiak, eta horregatik da marka hau Gautama Budaren erregetza-jatorri agian mitikoaren adierazgarri ikoniko bat, estatua askotan ikusten dena.[34]

Erlijio-adituen arabera, Siddharta printzearen ukoaren historiak lan laikoen eta bizitza erlijiosoaren arteko gatazka erakusten du, eta bizitza atseginenak ere sufrimenduz beteta daudela erakusten du. Siddhartha printzea bizitzaren izaera iragankorraz kezkatua zegoen, eta uste izan zuen jainkozko alternatiba bat zegoela aurkitzeko, bizitza honetan bertan aurkitzekoa, gainera, eta bila has zitekeen pertsona zintzo ororen eskura egongo zena. Kezka erlijiosoaz gain, giza sufrimenduarekiko enpatia sakonak eragin zuen Budaren erlijio-bideareen hasiera.

Hala ere, erregetza kontuak kontestu ez literalean ulertu behar dira. Historialariek diotenez, Siddhartha familia aberats eta aristokratiko batean jaio zela dirudi. Baina jaioterria oligarkia edo errepublika moduko aginte-egitura ez oso zabal bat izango zen seguruenik, ez erresuma bat. Horregatik, printzearen izaera eta bizitza zoriontsuaren aberastasuna testu tradizionaletan apainduak dira, neurri batean.

Era berean, Buda hil eta mende batera, Maurya Inperioaren hazkundean, erregetza idealaren kontzeptua indartu egin zen, eta, ikuspegi ideologiko horri, ondo zetorkion Siddartha errege izatea.

Hamabi egintzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tradizio Indiar-tibetarrak hamabi egintzatan kontatzen du budaren bizitza:[35]

  1. Tusita zeruetatik jaistea
  2. Matrizean sartzea
  3. Mundu honetan jaiotzea
  4. Mundutar arteetan burutzea
  5. Plazerezko bizitza gozatzea
  6. Ukoa eta jauregitik irtetea
  7. Ariketa aszetikoak
  8. Bodhi zuhaitz azpian meditatzea
  9. Māra horden desegigoa
  10. Esnaera perfektu eta azkenaren itxarotea
  11. Legearen gurpila mugitzen hastea
  12. Parinirvanan sartzea

Budaren irudikapenen historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K..a. mendeetako lehen artelan budistetan –esate baterako, Sanchiko estupetako erliebeetan–, Buda bera ez da ageri.[36] Maisuaren bizitzako zenbait eszena sinboloz baino ez ziren adierazten:

  • Lotus-lorea: bere jaiotzaren edo bere garbitasunaren eta jakinduriaren ikurra
  • Bodhi zuhaitza: bere argitasunaren ikurra
  • Muchalinda Naga erregeak babestutako Bodhi zuhaitzaren azpian eserleku hutsa, ilustrazioaren oroigarri.
  • Gurpila (dharmachakra) «irakaskuntzaren gurpila martxan jarri zeneko» lehen sermoia oroituz.
  • Maisuaren oinatzak (phuttabat).
  • Aureola edo «suzko energia»
  • Estupoak berak (Txina eta Japonian pagoda) Nirvanan sartu zela oroitzen du (pali hizkuntzan: parinibbana ).

Sinbolo horietako batzuk Indiako aurreko kulturetatik zetozen, ikur horietako batzuk dagoeneko gurtzen baitziren: eguzki-diskoa (eguzki-gurpila), sugea eta zuhaitza eta harrizko izpirituak.

Fase ikonikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gandharako lehen buda estatuetako bat

Buda bere giza itxuran irudikatzen zuten lehen irudiak gure aroko I. edo II. mendean agertu ziren, garai berean Gandharan (gaur egun Afganistan) eta Mathuran (Indiako iparraldean). Hala ere, Sri Lankako kronika zaharrek iradokitzen dute Budaren lehen irudi ikonikoak Kristo aurreko hirugarren mendean egin zirela[37]. Oraindik ez dago argi non hasi zen erretratu horien ekoizpena, baina aurkitutako lehen erretratu gehienak Gandhara kulturaren eremukoak dira.

Arte forma desberdinen artean, buda estatuak izan dira nagusi ordudanik XXI. menderaino.

Sortu eta berehala, Budaren irudikapen gutxi batzuk gero eta ugariago eta eskualde aniztasunean hedatu ziren, baita elkarrekiko eraginez ere. Tradizio eta errepresentazio-modu jakin batzuk hedatu ziren, bereziki, esate baterako eskultura indibidualak, egiazkotasun berezi batekin identifikatzeko joera bat. Gai arrunt bat da errege batek agindutako artista batek Buda zuzenean ikusi eta gero sortu zuela irudia, horrela zilegitasun sekularra eta erlijiosoa uztartuz.

Budaren estatuak Aro Modernoan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, Budaren irudikapenak eskola budista guztien eta herri-erlijio forma guztien erlijio-bizitzan irmo integratuta daude.

Beste ikuspegi batekin, egongela edo lorategietan moda-elementu gisa aurki daitezke, chic espiritual baten zabalkundearen ondorioz. Sinbolo anikonikoak, berriz, zentzua galdu dute, nahiz eta Dharma gurpila, adibidez, Indiako bandera nazionalean sartu zen.

Ayutthaya: buda buru bat zuhaitz baten hazkundean bildua.

XX. eta XXI. mendeetan, Budaren estatuen buruak gero eta eskuragarriago egon dira modan dauden altzari dendetan edo enkanteetan. Horrek Buda buruak irudikapen forma berezia direla pentsatzera eraman dezake ikusle sinesgabea. Hala ere, buruak ez ziren jatorriz horrela eginak, beti estatua oso baten parte izan dira.

Budaren estatuen suntsipena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bamiyango buda txikiena, talibanek suntsitu aurretik eta ondoren.

Budismoak azkenean beste erlijio batzuei bide eman behar izan dien eremuetan ere, Budaren irudiak askotan mantendu eta errespetatu izan dira mendeetan zehar. Indian, Gupta agintarien menpe hinduismoa nagusitu zen garaian ere (K.o. IV/V. mendeak), ez da ezagutzen Budaren irudien suntsipenik.

Islamak India iparraldea eta erdialdea konkistatzean bakarrik gertatu zen hori, irudiekiko ikonoklasmo zorrotza erakutsi izan dutelako aginte musulman batzuek tarteka (ez beti).

Taliban islamistek, 1998 eta 2001ean,Bamiyanen (Afganistan) Buda estatua erraldoiak suntsitzeak mundu mailako haserrea piztu zuen, eta bertako hazara biztanleriaren erresistentziaren aurka egin behar izan zuten. Pakistan iparraldeko Swat haranean, Budaren irudiak zituzten harri-erliebe txikiago batzuk ere kaltetu zituzten 2007 eta 2009 artean, garai hartan de facto zeuden agintean talibanak bertan.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. [...], gaur egun ia unibertsalki onartzen denez, Indiako Ikasketetako Fakultatearen txostenaren arabera eta material historiko budista berriro aztertu ondoren [...], Budaren heriotzaren data berri bat beharrezkoa da, K.a. 411 eta 400 artean izan zitekeena. [...] / [...], as is now almost universally accepted by informed Indological scholarship, a re-examination of early Buddhist historical material, [...], necessitates a redating of the Buddha's death to between 411 and 400 BCE, [...][17]
  2. (Ingelesez) Dundas, Paul. (2012-12-25). The Jains. [Los jainistas] (2. ed.. argitaraldia) B.R. Publishing Corporation, 24 or. ISBN 9780415266062..

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. López, Donald S.. (2001). El buddhismo. Introducción a su historia y sus enseñanzas.. Barcelona, España: Editorial Kairos ISBN 9788472457065..
  2. Gethin (1998), pp. 5, 9, 10, 14.
  3. Strong, J.S. (2001), p. 1.
  4. Warder 2000, 45 orr. .
  5. Strong, J.S. (2001), p. 131.
  6. Gethin (1998), p. 8.
  7. Laumakis 2008, 4 orr. .
  8. Gethin (1998), pp. 40–41.
  9. Warder 2000, 4-7, 44 orr. .
  10. Warder 2000, 4 orr. .
  11. Cox, Collett (2003). "Abidharma", in: Buswell, Robert E. ed. Encyclopedia of Buddhism, New York: Macmillan Reference Lib. pp. 1–7. ISBN 0028657187.
  12. (Ingelesez) «Definition of BUDDHA» www.merriam-webster.com 2023-11-12 (kontsulta data: 2023-11-17).
  13. «28 Buddhas - Dhamma Wiki» www.dhammawiki.com (kontsulta data: 2023-11-17).
  14. «Was the Buddha a god? - Ratanadipa Buddhist Temple» Ratanadipa Buddhist Temple 2021-11-04 (kontsulta data: 2023-11-17).
  15. a b L. S. Cousins (1996). The Dating of the Historical Buddha: A Review Article [Buda historikoaren datak: artikuluaren berrikuspena] (ingelesez). Journal of the Royal Asiatic Society.
  16. Narain, Awadh K., ed. The Date of the Historical Buddha. [Las fechas del Buda histórico] B. R. Publishing Corporation ISBN 8176463531..
  17. (Ingelesez) Dundas, Paul. (2012-12-25). The Jains. [Los jainistas] (2. ed.. argitaraldia) B.R. Publishing Corporation, 24 or. ISBN 9780415266062..
  18. 1) (Ingelesez) Schumann, Hans Wolfgang. The Historical Buddha: The Times, Life, and Teachings of the Founder of Buddhism. [El Buda histórico: La época, la vida y las enseñanzas del fundador del budismo] Motilal Banarsidass (argitaratze data: 2003), XV or. ISBN 8120818172..
    2) (Ingelesez) Wayman, Alex. Untying the Knots in Buddhism: Selected Essays. [Desatando los nudos del budismo: ensayos selectos] Motilal Banarsidass (argitaratze data: 1993), 37 - 58 or..
  19. (Ingelesez) Vergano, Dan. (2013-11-25). Oldest Buddhist Shrine Uncovered In Nepal May Push Back the Buddha's Birth Date. National Geographic (kontsulta data: 2013-11-26).
  20. (Ingelesez) Ancient Buddhist Scrolls from Gandhara. University of Washington Press 1999 (kontsulta data: 2008-09-04).
  21. Gombrich (1988), p. 49.
  22. Bronkhorst, J. (2007). "Greater Magadha, Studies in the culture of Early India," p. 6. Leiden, Boston, MA: Brill. doi:10.1163/ej.9789004157194.i-416
  23. a b c Levman, Bryan Geoffrey (2013). "Cultural Remnants of the Indigenous Peoples in the Buddhist Scriptures". Buddhist Studies Review. 30 (2): 145–180. ISSN 1747-9681.
  24. Jayatilleke (1963), capitulos 1–3.
  25. Walshe (1995), p. 268.
  26. Collins (2009), pp. 199–200.
  27. Wynne (2007), pp. 8–23, capitulo 2 passim.
  28. Warder, A.K. (1998). "Lokayata, Ajivaka, and Ajnana Philosophy". A Course in Indian Philosophy (2nd ed.). Delhi: Motilal Banarsidass Publishers. ISBN 978-81-208-1244-4.
  29. Strong, J.S. (2001), p. 5.
  30. Anålayo, "The Buddha and Omniscience", Indian International Journal of Buddhist Studies, 2006, vol. 7 pp. 1–20.
  31. Tan, Piya (trans). (2010). «The Discourse to Sandaka (trans. of Sandaka Sutta, Majjhima Nikāya 2, Majjhima Paṇṇāsaka 3, Paribbājaka Vagga 6)» The Dharmafarers (The Minding Centre): 17–18. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2016-01-09) (kontsulta data: 2015-09-24).
  32. MN 71 Tevijjavacchagotta [Tevijjavaccha]
  33. Law, Bimala Churn. (1933). «Geographical Data from Sanskrit Buddhist Literature» Annals of the Bhandarkar Oriental Research Institute 15 (1/2): 1–38. ISSN 0378-1143. (kontsulta data: 2023-11-17).
  34. (Ingelesez) Bullard, Sara. (1998-09-01). «Why Does the Buddha Have Long Ears?» Learning for Justice (kontsulta data: 2023-11-17).
  35. Rinpoche, Thrangu. (1988). «Twelve Principal Deeds of Lord Buddha» Buddhist Himalaya VOL. I NO. II WINTER 1988/89 (kontsulta data: 2023-11-17).
  36. «» The Great Stupa at Sanchi» smarthistory.org (kontsulta data: 2023-11-17).
  37. Lal Mani Joshi: Buddhistische Kunst und Architektur. In: Heinz Bechert, Richard Gombrich (Hrsg.): Der Buddhismus. Geschichte und Gegenwart. C. H. Beck, München 2002, S. 102.

9–25.

Bibliografia osagarria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • (Ingelesez) Bechert, Heinz. (1995). «When did the Buddha live?: the controversy on the dating of the historical Buddha» Conferencia (Delhi: Sri Satguru Publications) (165) OCLC .33669718.
  • Arnau, Juan. (2017). «Buda» Conferencia impartida en la Fundación Juan March (17/1/2017) (Madrid).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]