Edukira joan

Rafael

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Raffaello Sanzio» orritik birbideratua)

Rafael

(1500(e)ko hamarkada)
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakRaffaello Sanzio
JaiotzaUrbino1483ko apirilaren 6a
Herrialdea Germaniako Erromatar Inperio Santua
Talde etnikoaItaliarra
HeriotzaErroma1520ko apirilaren 6a (37 urte)
Hobiratze lekuaAgriparen Panteoia
Tomb of Raphael (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: bihotz-gutxiegitasuna
Familia
AitaGiovanni Santi
Ezkontidea(k)ezkongabea
Bikotekidea(k)
Hezkuntza
Hizkuntzakitaliera
Irakaslea(k)Giovanni Santi
Timoteo Viti (en) Itzuli
Il Perugino
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakmargolaria, eskultorea, arkitektoa, marrazkilaria, arkitektura proiektuen marrazkilaria, diseinatzailea, fresco painter (en) Itzuli, ganberako margolaria eta artista bisuala
Lantokia(k)Florentzia
Perugia
Erroma
Siena eta Urbino
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
MugimenduaItaliako Pizkundea
Goi Pizkundea
Genero artistikoamargolaritza historikoa
erretratua
erretratua
allegory (en) Itzuli
arte sakroa
margolaritza mitologikoa
Ideologia eta sinesmenak
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
Erlijio-ordenaFrantziskotarren Ordena

Musicbrainz: 525684a7-9ff8-405d-97af-e19fd5f8a1ad Discogs: 2273823 Find a Grave: 5760 Edit the value on Wikidata

Rafael[1][2] —jaiotzako izena: Raffaello Sanzio[2]— (Urbino, Italia, 1483ko apirilaren 6aErroma, 1520ko apirilaren 6a), Pizkundeko margolari eta arkitekto italiarra izan zen. Mendeetan zehar miretsi eta eredu gisa erabilitako margolari lanez harago, ekarpen handiak egin zituen arkitekturan eta Antzinaroko obren ikuskatzaile gisa; interes berezia jarri zuen aztarna greko-erromatarren ikerketan eta babestean[3].

Giovanni Santi margolariaren semea zen. Haur prodijio gisa hartu zuten goiz erakutsi zuelako bere dohaina, eta, umezurtz gelditu zenean, ospea zuten hainbat artistaren tailerretan ikasi zuen. 25 urterekin lortu zuen bere lehen eskaera ofiziala, Vatikanoko egoitzen dekorazioa. Han zenbait fresko margotu zituen, besteak beste, Atenasko eskola, haren obra handienetakotzat jotzen dena[4][5][6]. Ospetsua da perfekzioagatik eta bere arte bisualagatik[7], eta margolanen eta marrazki artistikoen artean bereizgarria da[5]. Michelangelo eta Leonardo da Vincirekin batera, garai hartako maisu handienen hirukotea osatu zuen[8].

Ostiral Santu egun batez jaio zen, eta jai egun berean hil, 37 urte zituela. Artista oso produktiboa izan zen, laguntzaile askorekin batera, sortu zuen tailer bat kudeatzeari esker[9]. Gazterik hil bazen ere, lan kopuru handia utzi zuen, eta oraindik gordetzen dira. Haren lan gehienak Vatikanoko museoetan daude hango gela ezagunak freskoekin apaindu zituelako, Rafaelen gelak izenarekin. Hura izan zen egin zitzaion eskaera nagusietako bat; bukatu gabe gelditu zen bukatu aurretik hil zelako. Laguntzaileek osatu zuten.

Gaztaroan Erroman egon ondoren, haren lan asko taldekideek marraztu zituzten; prozesu horretan, kalitatea galdu zutela esaten da. Eragin handiko pertsona zen bere garaian. Hil ondoren, Michelangelo lehiakideak lortu zuen ospe handia XVIII. eta XIX. mendeetara arte.  Ondoren, ospea berreskuratu eta hazi zitzaion. Haren lan bareago eta armoniatsuagoari esker, goi mailako artistatzat hartu zuten.

Rafaelen artista ibilbideak hiru garai izan zituen, eta hiru estilo. Lehen urteak Umbrian iragan zituen; ondorengo fasean, lau urte igaro zituen Florentzian (1504-1508), eta hiri hartako tradizio artistikotik edan zuen; azken fasea Erromakoa izan zen, hamabi urtez lan egin baitzuen Aita Santuentzat eta haren gortearentzat[10]. Han lortu zuen arrakastarik handia.

Kristo bi aingeruk babestuta (1490) Giovanni Santi Rafaelen aitak margotua

Rafael Urbinon sortu zen, Italia erdialdeko hiri txiki batean[11]. Hiri txikia izan arren, garrantzia zeukan ikuspegi artistikotik. Haren aita, Giovanni Santi, bertako dukearen gortearen margolaria zen. Federico da Montefeltro condottieria izan zen bertako dukea, eta arrakasta handia izan zuen. Urbinoko dukea Sixto IV.a aita santuak sortu zuen; beraz, Urbino Aita Santuen lurraldean edo Elizaren Estatuan zegoen. Urbinoko gorte txiki hartan, dukearen familiako zirkulu kutunean sartu zen Giovanni Santi[12], eta Federicoren kronika errimatua idatzi zuen, margolaria izateaz aparte olerkaria ere baitzen; gobernu hartan, kultura literario eta artistikoek leku handia zeukaten[12]. Giovannik erakutsi zuen arreta handiarekin jarraitzen zituela Italiako eta Herbehereetako artista handienen lanak. Giro hartan hazteak aukera handia eman zion Rafaeli teknika xeheenak ikasteko[13].

Federicoren lekua bere seme Guidobaldo da Montefeltrok hartu zuen. Hau Elisabetta Gonzagarekin ezkondu zen, Francesco II.a Gonzaga Mantuako markesaren arrebarekin. Mantuako gortea oso ezaguna zen musika eta arte plastikoengatik. Horri esker, Urbinoko gorteak kulturarekin zeukan lotura areagotu egin zen, eta Italiako gorte humanistaren eredu bihurtu zen, Baldassare Castiglionek Gorte-gizona (1528) obra klasikoan deskribatu zuen moduan.

1504an, Castiglione Urbinora bizitzera joan zenean, Rafael ez zen gehiago han bizi, baina maiz joaten zen bisitan. Lagun egin ziren, eta, hartaz gain, harreman hurbila izan zuen beste bistari batzuekin ere, hala nola Pietro Bibbiena eta Pietro Bemborekin; geroago, biak kardinal izan ziren. Rafael han zegoen garaian, Erroman egon ziren. Rafaelek aise lortu zuen goi esferetan sartzea; hori dela eta aise egin ahal izan zuela bere karrera uste okerra zabaldu zen. Baina hezkuntza humanista osoa jaso zuen[14].

Rafael gizarte mailan ematekoak ziren aldaketa handi batzuen espektatiban jaio zen, hainbat fenomeno astrologiko eta filosofikoren erdian. Garai hartako gizarte sektore nabarmen bat urrezko aro berri baten esperoan zegoen. Hainbatek uste izan zezaketen urrezko aro horren ezaugarriak Rafaelengan bete zirela; izan ere, bere jaiotzatik heriotzaraino garaian, miraritzat hartutako zenbait gertakarik osatu zuten bere bizia.

Rafaelen jaiotegunari buruz, asko eztabaidatu da. Izan ere, Vasarik adierazi zuen Rafael Ostiral Santu egun batez jaio zela, eta 1520. urteko Ostiral Santu egunean hil zela. Datu hori kontuan hartuz gero eta taula astronomikoak kontsultatuta, 1483ko apirilaren 28an jaio zela pentsa daiteke. Alabaina, Rafaelen beraren hilarrian, Benbo poetak, artegilearen adiskide izandakoak, 1520ko apirilaren 6an hil zela esaten du, bere jaiotegunaren urteurrenean. Benbo eta Rafaelen arteko harreman estua dela-eta, eta azken datu hori fidagarrientzat hartuta, Rafael 1483ko apirilaren 6an jaio zela ondoriozta daiteke, Urbino hirian.

Heziketa artistikoa (1483 - 1504)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gazteak bere aitarengandik jaso zituen artearen inguruko lehen ezagupenak, oso urriak horiek Rafaelek hamaika urte baino ez zituela hil baitzen aita. Baina, hala ere, artearen inguruko oinarri-oinarriko ideiaren batzuk transmititu zizkiola antzeman daiteke. Horrez gainera, bere aitak Urbinoko gortearekin izan zituen harreman estuak direla medio, gazteak gizarte sektore pribilegiatu horrekin izango zituen harremanak asko erraztu ziren. Datu garrantzitsua da, halaber, garai hartan Urbino Italiako humanismoaren foku garrantzitsuena bilakatzen ari zela, izan ere, garai hartako dukeak, Federico Montefeltrok, artea eta zientzien arloko pertsona esanguratsuez inguratzen jakin zuen, eta bere liburutegia garai hartako garrantzitsuenetarikotzat hartu izan da.

Bere gazte garaia giro ia pribilegiatu horretan pasatzeak eragin zuzena izan zuen artegilearen ondorengo urteetako lanetako zentzu poetikoan eta inspirazioan, gainera, Rafaelek berak ere bere lanak Rafael Urbinas izen-deiturez sinatzeak erakusten digu jaio zen hiriarekiko eta bere haurtzaro eta gazte garaietako giro harekiko zuen miresmen eta leialtasuna.

Rafaelek, aurreneko irakasletzat, Timoteo Vitti izan zuen, baina, handik gutxira, 1497. urtean, Peruginoren lantegira joan zen bere ikasle gisa jardutera. Peruginok ospe handiaz gozatzen zuen garai hartako Italian, eta bere lanetan azaltzen zuen gozotasun eta dotoretasunak berehala bereganatu zuten Urbinoko artista gaztearen atentzioa. Garai horretan, bidaia ugari egi zituen Rafaelek; Urbinon igarotako aldiek bertako gortearekin harremanak indartzeko balio izan zioten, eta, bere maisuari haren bidaietan lagunduz, Florentzian ere egon zela uste izan da. Artegile gazteak ongi ikertu zuen maisuaren lana, eta, horrela, arte florentziarrean argiari ematen zitzaion trataera bereganatu zuen. Garai berean, Leonardoren zenbait lan ere ikusteko aukera izan zuen, eta horrek ondorio nabarmenak izan zituen gaztearen ondorengo lanetan, argi eta kolorearen trataeran sakonduz.

1500an, bere aitaren kolaboratzailea izandako batekin batera, dimentsio handiko erretaula bat egiteko enkargua jaso zuen. Lan hori, ordea, 1789ko lurrikara batean hondatu zen, eta, ondoren jasan zuen aldaketa bat dela eta, gaur egun, hainbat atal baino ez dira mantentzen. Hala ere, lanaren prestaketan garatutako marrazki eta zirriborroak ikusita, argi nabarmentzen da artista gazteak bere maisuaren konposaketa eskema bera mantentzen jarraitzen duela.

1502. urtean, Peruginoren ordez, erretaula bat egiteko eskatu zion Maddalena degli Oddik. Lana Perugiako San Francesco familiaren hil kapera batean jartzeko zen, eta Urbinoko artistak hainbat ataletan banatu zuen lana: Ama Birjinaren koroatzea, Iragarpena, Errege magoen adorazioa eta Tenpluko aurkezpena. Ama Birjinaren koroatzean, Peruginoren konposaketa eskema bera erabili zuen Rafaelek, lana bi zati edo erregistrotan bananduz. Hala ere, lan horrek zenbait ekarpen berri ere baditu: hilkutxaren posizioa, betiko estatikotasuna apurtuz, edota apostoluen indibidualizazioa, giza figuraren ikerketan emandako aurrerapauso handien isla gisa. Lan horretan, Leonardoren irudietara hurreratzen da Rafael, eta, bere burua, Peruginoren lehiakide gisa aurkezten du.

Lan horren ondoren, eskaera asko jaso zituen artegileak, eta hainbat erretaula handi burutu zituen, apurka-apurka, bere estilo pertsonalean aurrerapausoak emanez. Garai horretako erretaula horietatik, Peruginorekin antzekotasun gehien mantentzen duena, Cittá di Castello-ko Santo Domingorako egin zuen Gurutziltzaketa izan daiteke. Hala ere, paisaiaren disposizioan edo pertsonaien nolabaiteko animazio horretan, bere maisu izandakoarengandik urrundu egiten da; hori da Rafaelek latinez sinatzen duen aurreneko lana, RAPHAEL URBINAS.P, maisu handi gisa kontsideratua izan dadin eskatuz.

Garai horretan burutu zuen lan ezagunenetako bat Ama Birjinaren ezteiak lana izango da segur aski, Albizzini familiak enkargatua. Lan horretan, Peruginok San Pedroren giltzen jasotzea lanean jarraitutako eskemari jarraitzen dio Rafaelek. Gertaera elizatxo bat duen plaza handi batean gertatzen da; lanaren lehenengo planoa eta gero perspektibak atzealdeko elizatxoaren presentzia indartzen du gertakariaren lekuko gisa. Hala ere, Rafaelen lana hobea da; izan ere, hainbat aldaera egiten dizkio aurreko oinarrizko eskemari, figuren dinamismoa areagotuz eta konposizio osoari espazioa edo sakontasun gehiago emanez.

Florentziako garaia (1505 - 1508)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1503an, Leonardok Anghiariko gudua egiteko enkargua jaso zuen, eta, 1504an, Michelangelok Cascinako lana burutu zuen. Bi artegile handi horien konfrontazioak eta orokorrean bi maisuen presentziak atentzioa deituta, Rafael Florentziara joan zen 1504an. Bere bizitzako garai horretan ere, bidaia ugari egin zituen artistak, hala nola Perugia eta Urbinora. Florentzian, Frai Bartolomeo ezagutzeko aukera izan zuen Rafaelek, eta berarekin oso harreman ona izan zuen. Artegile hori izan zen Peruginoren eraginetik askatzera bultzatu zuena Rafael, Urbinoko artegilearen estilo propioa sustatu asmoz.

Erromako garaia (1509 - 1520)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1508ren bukaeran, Erromara joan zen, eta berehala hartu zuen Julio II.a aita santuak bere zerbitzura Vatikanoko zenbait gela dekoratzeko eskatuz, gaur egun Rafaelen Stanza izenez ezagutzen direnak. Rafaelek lau horma-irudi proiektatu zituen dependentzia horietako bakoitzean. Lehenengoan, Sakramentuaren eztabaida, bere lagun Frai Bartolomeoren Azken judizioa lanaren eskema jarraituz; Parnasoa, bertan, Julio II.a aita santua irudikatu nahi zuen Apolo jainkoaren irudikapenarekin, zerua eta lurraren arteko bitartekari gisa; Atenasko akademiari, filosofia eta zientziari garrantzia eman nahirik, Rafaelek bere garaikideen erretratuak egin zituen filosofo klasikoen paperean; eta Bertuteak lanean, lanaren monumentaltasunean, mugimenduan eta eskortzo bortitzetan. Bigarrenean, berriz, Bolsenako meza lanean, Rafaelek Orvieto inguruko herri txiki batean 1263an gertatutako mirari bat irudikatzen du; Heliodororen kanporatzea lanean ematen zaigu, bertako alargun eta umezurtzentzat gordetako erlikia bat lapurtzeko asmoz, Heliodorok Jerusalemera egin zuen bidaiaren berri, baina, hara iristean, bi gaztek kolpeka kanporatu zuten; San Petriren askapena, argien eta itzalen trataerak protagonismo berezia hartzen dute Herodesek San Petri giltzapetuta zeukala aingerua agertzen zaion unea irudikatzen duen horma-irudiak; Atilaren atzeraldia, 452ko gertakaria, Leon I.a aita santuak Atilaren armada inbaditzailea Erromako atean gelditu zuenekoa.

Garai hartan, Rafael Erromako artistarik famatuena bilakatu zen, eta, 1514. urtean, San Petri basilikako arkitekto izendatu zuten, Bramanteren ondorengotzat. San Petri basilikarako zituen asmoak eraldatuak izan ziren haren heriotzaren ondoren, baina beste zenbait obra arkitektoniko ere burutu zituen, denboraldi labur batez Erromako arkitekto garrantzitsuena bilakatuz. Hala ere, bere arkitektura lan gehienak eraldatuak edo erauziak izan dira.

Garai horretan, artegileak Vatikanoko eta hortik kanpoko enkarguak bateratzen asmatu zuen, eta horrela burutu zituen aldi horretako zenbait lan esanguratsu ere, esaterako, Galatearen eszena, Agostino Chigiren mandatuz egina edo beste hainbat erretratu, gehienetan, elizako goi karguek eskatuak, esaterako, kardinal baten erretratua edo Leon X.a eta bere ilobak izenekoa.

Vasarik dioenez, Rafael bere gehiegizko sexu harremanengatik hil zen; hala ere, hori hipotesi hutsa baino ez da. Urbinoko Rafael, Ostiral Santu egun batez jaio zen, eta 1520ko apirilaren 6an hil zen, Ostiral Santu egunez ere. Bere bizia inguratu zuen misterio eta istorioek diotenez, artegilea hil zen egun berean, Vatikanoko logietan arrakala batzuk azaldu ziren, eta Rafaelen garaikideek ez zuten zalantzarik egin gertakaria artegile handia galtzeaz samintzen zen errealitatearekin lotzeko.

Rafael gazte hil bazen ere, bere lanaren eragina eta garrantzia handiak izan ziren oso. Harrigarria da bere trebetasuna zenbaterainokoa izan zen, mota askotako eraginak jasoz eta bere estilo propioa garatuz. Margogintzaren irakaspen guztiak menperatuz, Rafaelek bere ekarpen propioa ere egin zuen bilakaera adierazgarri batekin, klasikotasun handiko lanetatik hasi eta manierismoaren atarietaraino. Leonardo eta Migel Angelen itzalean bizi izan zen luzaroan Urbinoko artista, baina, bere estiloaren heldutasunera iristean, inork gutxik jarri zuen zalantzan bere maisutasuna, aurreko biekin batera, Pizkundeko artisten gailurrera jasoz.

Gainerako proiektuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Galatearen garaipena, Rafaelen lan mitologiko nagusietako bat.

Denbora gehiena, Vatikanoko proiektuek hartu zuten, baina, hala ere, erretratu batzuk pintatu zituen, bere mezenasenak, Julio II.a eta Leon X.a aita santuak, barne, lehena bere erretratu onenetakotzat hartzen delarik. Beste erretratu batzuk bere lagunenak izan ziren, Castiglione kasu, edo aita santuen zirkuluko pertsonaienak. Agintari batzuek enkarguak eginez presionatu zuten, hala nola Frantzisko I.ari, zeinari bi margo bidali baitzizkioten aita santuaren opari diplomatiko gisa[Oh 1][16].​​ Agostino Chigi aita santuaren diruzain aberatsarentzat, Rafaelek Galatearen garaipena margotu zuen; haren Villa Farnesinarako apaingarri freskoak diseinatu zituen, eta bi kapera margotu zituen Santa Maria della Pace eta Santa Maria del Popolo elizetan[17]. Halaber, Villa Madamako dekorazioaren zati bat ere diseinatu zuen, hala ere, bi etxeen obra haren lantegiak egin zuen.

Aita santuen enkargurik garrantzitsuenetako bat Rafaelen Kartoiak seriea izan zen (gaur egun, Victoria and Albert Museum-en), tapizetarako 10 kartoizko serie bat. Haietatik, 7k bizirik iraun dute, eta San Pauloren eta San Petriren bizitzen eszenak irudikatzen dituzte, Kapera Sistinoarentzat eginak. Kartoiak Bruselara bidali zituzten Pieter van Aelst zaharraren tailerrean ehuntzeko (geroago pintore ezaguna izango zen Pieter Coeckeren aita). Baliteke Rafaelek serie osoa bukatuta ikustea hil aurretik. Seguruenik, 1520an amaitu ziren[18].​ Vatikanoko logiak ere diseinatu eta margotu zituen, galeria luze eta estu bat orduan alde batera zegoen patio batera irekia eta Erromako estilo grotesko tipikoan apaindua[19]. Zenbait erretaula garrantzitsu ere margotu zituen, esate baterako, Santa Zeziliaren estasia eta Madonna Sixtina. Bere azken lana Antzaldatzea izan zen, zeinak, Spasimo di Siciliarekin batera, bere arteak bere bizitzaren amaieran hartu zuen norabidea erakusten duen: estilo proto-barrokoa manierista baino gehiago[Oh 2][20][21].

Bernardo Dovizi di Bibbiena kardinalak Leon X.a aita santuaren eskutik lortu zuen, bere hautaketarako emandako babesaren truke, Vatikanoko jauregien barruan bere apartamentua berregituratzeko baimena. Humanista kultu eta literatoa, gustu finekoa, kardinalak bere apartamentua erromatar tradizioaren mailan egotea nahi zuen, eta Rafaeli eskatu zion proiektua. 1516. urtea zen; Rafaelek, bere laguntzaileekin, dekorazio multzoaz arduratu zen, Tivoliko Adrianoren villan eta Domus Aurean inspiratuz. Fintasun eta dotorezia handiko emaitzak lortu zituen motibo klasikoen eta antzinako apaingarrien arteko gurutzaketan, zeinak imitaziozko motibo apaingarriak izango baitziren denbora luzean. Dekorazio bera garatu zuen Vatikanoko Logietan (1519). Osotasunaren egiturak Rafaelen kultura eta gustua islatzen ditu; gauzatzea, Giovanni da Udine, G. Romano eta G.F. Penni ikasleena da[22].

Andrea Navagero eta Agostino Beazzanoren erretratua edo Erretratu bikoitza, Rafael Sanziok Erromako garaian egindako lana. Badirudi erretratua 1516ko apirilean egin zuela, bi humanistak Erroman zeudenean eta Andrea Navagero Veneziara itzuli baino lehen, Errepublika Serenissimako liburuzain izendatu zutenean. Italiarraren magnum opus hori, margo-oihal gainean, olioz margotuta dago. 76 cm altu eta 107 cm zabal da, eta, gaur egun, Erromako Doria Pamphili galerian dago gordeta[23]

Vasarik dioenez, Rafaelek tailer bat izan zuen berrogeita hamar apopilo eta laguntzailerekin, eta haietako asko, gerora, artista garrantzitsuak izatera iritsi ziren beren merituz. Pinturaren maisu handi bakar baten magistergopean bildutako tailerrik handiena izan zen, ziurrenik, eta ohikoa baino askoz handiagoa. Italiako beste eskualde batzuetatik etorritako margolari ospetsuak barne hartzen zituen, seguruenik beren talde propioekin lan egiten zutenak azpikontratista gisa, baita ikastun eta langileak ere. Informazio gutxi dago tailerrari eta haren barne-antolaketari buruz, baita arte-lan berberez ere, askotan artista jakin baten esku-hartzeari egozteko zailak direnak.[24][25]

Rafaelen heriotzaren ondoren, tailerraren jarduerak jarraitu zuen, baina bere margolanetako asko osatu gabe geratu ziren, baita bere jabetza batzuk ere. Kide nabarmenenak izan ziren: Giulio Romano erromatar jatorriko ikasle gaztea —21 urtekoa— eta Gianfrancesco Penni florentziar jatorrikoa eta ordurako maisutzat jotzen zena. Pennik ez zuen Giulio Romanok adinako ospe pertsonalik lortu, eta, Rafaelen heriotzaren ondoren, Giulio Romanoren laguntzaile izan zen bere karreraren zatirik handienean. Perino del Vaga, dagoeneko maisua, eta Polidoro da Caravaggio, ustez pintore mailara igo zena langileentzako materialak garraiatzeko ofizio apala bete ondoren, pintore garrantzitsuak izatera ere iritsi ziren. Maturino da Firenze, Penniren kasuan bezala, Polidoro lankidearen ospeak eklipsatu zuen. Giovanni da Udinek estatus independenteagoa zuen, eta Iztuku dekorazioa eta fresko nagusiak apaintzen zituzten groteskoen arduraduna izan zen[26]. Artista gehienak sakabanatu egin ziren, eta haietako batzuek heriotza bortitza izan zuten 1527ko Erromako arpilatzearen ondorioz[27]. Horrek Rafaelen estiloa Italia osoan eta urrunago hedatzen lagundu zuen.

Vasarik garrantzi handia ematen dio Rafaelek tailer harmoniatsu eta eraginkorra lortu izanari, eta, era berean, bezeroen eta haien laguntzaileen arteko gatazkak edo liskarrak konpontzeko trebetasuna eta pazientziari, Michelangelok bi kolektibo horiekin ez zuen zerbait[28]. Hala ere, gaur egun ia ezinezkoa da Rafaelek eta bere laguntzaileek egin zituzten zatiak deszifratzea, bada, Romano eta Penni trebeak ziren, eta ez dago zalantzarik Rafaelen azken horma-lan asko, eta seguru asko bere asto-lan batzuk, marrazkiagatik nabarmentzen direla exekuzioagatik baino gehiago. Hala ere, bere erretratu askok, egoera onean daudenak, bere bizitzaren amaieran lortu zuen exekuzio teknika bikaina erakusten dute[29].

Bere ikasle eta laguntzaile nabarmenetako beste batzuk izan ziren: Raffaellino del Colle, Andrea Sabbatini, Bartolomeo Ramenghi, Pellegrino Aretusi, Vincenzo Tamagni, Battista Dossi, Tommaso Vincidor, Timoteo Viti —Urbinoko pintorea izenez ere ezaguna—, baita Lorenzetto eskultore eta arkitektoa ere —Giulio Romanoren koinatua—[Oh 3]. ​Esan izan da Bernard van Orley flandriarrak Rafaelentzat lan egin zuela aldi batez, eta Luca Penni, Gianfrancescoren anaia, agian, tailerreko kide izan zela[30].

Bizitza pribatua eta heriotza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Fornarina, Rafaelen maitalea.[Oh 4][31]

Rafael Borgon bizi zen, luxu handi samarrarekin eta Bramantek diseinatutako jauregian. Inoiz ez zen ezkondu, baina, 1514an, Maria Bibbienarekin, Medici kardinalaren ilobarekin, konprometitu zen. Badirudi bere lagun kardinalak behartu zuela konpromisoa eta artistaren gogo faltak ez zuela aukerarik eman eskontzeko 1520an hil aurretik[32].​ Maitasun-harreman ugari izan zituela esan izan da, baina, Erroman bizi izan zen bitartean, harreman iraunkorra izan zuen Margherita Lutirekin, Fornarinarekin, horrela deitua Sienako Francesco Luti izeneko okin (fornaio italieraz) baten alaba zelako eta Via del Governo Vecchion bizi zena.

Leon X.a aita santuaren maiordomo, horrek nolabaiteko estatusa ematen zion gortearen aurrean baita diru-sarrera gehiago ere, eta baita Urrezko Ezproiaren Aita Santuaren Ordenako zaldun ere izendatu zuten. Vasarik dioenez, izendapen horiek eta haiek egindako enkargu ugarik izan zitekeela bere ezkontzaren atzerapenaren arrazoi eta azalpena[32].​ Vasariren aburuz, bere heriotza goiztiarra Ostiral Santu egun batean (1520ko apirilaren 6a, seguruenik bere hogeita hamazazpigarren urteurrenaren eguna) izan zen Fornarinarekin sexu harreman gehiegi izan zituen gau bategatik, zeinaren ondoren sukarrez gaixotu baitzen, eta, doktoreei benetako arrazoia aitortu ez zienez, ez zitzaion behar bezalako arreta eman, eta horrek heriotza eragin zion[Oh 5][33][34].​​​ Arrazoia edozein dela ere, hamabost egun iraun zuen bere gaixotasunaren areagotzean, gaixoen oliadura hartu ahal izan zuen, eta bere gauzak ordenan jarri zituen. Testamentua egin zuen, zeinaren bidez bere maitalearen mantenurako nahikoa diru utzi baitzuen, bere zerbitzari leial Bavieraren esku utzirik, eta tailerraren edukirik gehiena, Giulio Romanori, Penniri eta ahaide zuen Urbinoko apaiz ezezagun bati utzi zien. Bere eskaera betez, Erromako Panteoian lurperatu zuten, Sassoko Madonnaren eskultura bat buru zuen hilobi batean[35].

  1. Horietako bat Joana Aragoikoaren, Napoliko erreginaren, erretratu bat zen. Horretarako, Rafaelek laguntzaile bat bidali zuen Napolira marraztera, eta, seguru asko, bere tailerrak margotu zuen, batez ere.
  2. Rafaelek manierismoarekin duen harremana zein manierismoaren definizioa bera, oso eztabaidatua izan da.
  3. Maisu-dizipulu transmisioko lerro zuzena Rafaelengandik irudi guztiz harrigarrietaraino marra daiteke, esaterako, Brian Eno, Tom Phillips eta Frank Auerbacheraino.
  4. Artearen historialari eta adituek eztabaidatu dute Fornarina koadroan eskuinak ezkerreko bularraren gainean duen posizioak minbizi tumorea mozorrotzen duen maitasun-keinu klasiko bat ote den.
  5. Beste historialari batzuek teoria desberdinak defendatu dituzte: Bernardino Ramazzini (1700), De morbis artificum lanean dio garai hartako pintoreek, oro har, «bizimodu sedentarioak eta izaera malenkoniatsuak» zituztela eta, sarritan, «merkurio eta beruna oinarri zuten materialekin» lan egiten zutela. Bufarale (1915) «pneumonia edo sukar militarra diagnostikatu zion»; Portigliottik, berriz, «biriketako gaixotasun» bat iradoki zuen. Joannidesek esan duenez, «Rafael gehiegizko lan-zamagatik hil zen». Esan beharra dago, halaber, Rafaelek bere heriotzan zuen adina oso eztabaidatua izan dela: Michiel eta beste batzuek hogeita hamazazpi urterekin hil zela diote; Pandolfo Pico eta Girolamo Lippomanok, berriz, hogeita hamairu urte baino ez zituela.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. (PDF) 185. arauaː Errenazimentuko pertsona-izenak. .
  2. a b EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  3. Klein, Robert, 1918-1967.. (). Italian art, 1500-1600 : sources and documents. (Northwestern University Press pbk. ed. argitaraldia) Northwestern University Press, 44 or. ISBN 0-8101-0852-6. PMC 20418609. (kontsulta data: 2020-09-17).
  4. Pomella, Andrea.. (). Museos Vaticanos. Musei Vaticani, 111 or. ISBN 978-88-8271-613-4. PMC 1187094075. (kontsulta data: 2020-09-17).
  5. a b Pérez-Rubín, Carlos (2008), «Arte y simbolismo», Revistas.ucm.es, 139. orr.
  6. Martínez Jiménez, José Antonio.. (2011). Lengua castellana y literatura, 3 ESO. Akal ISBN 978-84-460-3367-7. PMC 768472438. (kontsulta data: 2020-09-17).
  7. Kleinbub, Christian K., 1976-. (2011). Vision and the visionary in Raphael. Pennsylvania State University Press ISBN 978-0-271-03704-2. PMC 607574322. (kontsulta data: 2020-09-17).
  8. John Fleming (1982). A World History of Art. London: Macmillan. 357. orr.
  9. Talvacchia, Bette, 1951-. (). Raphael. Phaidon, 8 or. ISBN 978-0-7148-4786-3. PMC 173499661. (kontsulta data: 2020-09-17).
  10. Vasari, Life of Raphael, hemendik hartua: Lives of the Artists, erabilitako edizioa: Artists of the Renaissance selected & ed Malcolm Bull, Penguin 1965. 208 eta 230. orr.
  11. Osborne, June. Urbino: The Story of a Renaissance City. 3. orr.
  12. a b Jones, Roger, 1947-. (1983). Raphael. Yale University Press ISBN 0-300-03061-4. PMC 9280834. (kontsulta data: 2020-09-17).
  13. Vasari (2000): 207.
  14. Jones eta Penny: 204.
  15. irudia
  16. Jones & Penny, pág. 163.
  17. Borrego, pág. 48.
  18. Jones & Penny, pp. 133-147.
  19. «Zomorroen, ziringilo, kimera eta hostoen apaingarri apetatsuan» oinarritua; cf. DRAE, «Grutesco».
  20. Jones & Penny, pp. 235-246.
  21. Véase Craig Hugh Smyth, Mannerism & Manieri, 1992, IRSA Viena, ISBN 3-900731-33-0
  22. PECCATORI, Stefano. (1999). ArtBook Rafael. La búsqueda de la perfección y la ternura de la naturaleza.. Madrid: Electa Bolsillo, 110 or. ISBN 84-8156-251-3..
  23. Nicoletta Baldini, Rafael, Milano, Rizzoli/Skira - Corriere della Sera, 2003; ed. española, Madrid, Unidad Editorial - El Mundo (Los grandes genios del arte, 6), 2005, pág. 152. ISBN 84-89780-59-5.
  24. Jones y Penny, pp. 146-147, 196-197.
  25. Pon, pp. 82-85.
  26. Jones y Penny, pp. 147, 196.
  27. Vasari, Vida de Polidoro artxibatua 2008 ko apirilaren 17an Wayback Machinen..
  28. Vasari, pp. 207 & 231.
  29. Jones & Penny, pp. 163-167.
  30. Vasari pp. 197-198.
  31. «The Portrait of Breast Cancer and Raphael's La Fornarina.» The Lancet, 21 de diciembre de 2002, 28 de diciembre de 2002.
  32. a b Vasari, pp. 230-231.
  33. Shearman, pág. 573.
  34. Vasari, pp. 232-233.
  35. Vasari, pág. 231.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]