Edukira joan

Okarina

Wikipedia, Entziklopedia askea
Okarina
Deskribapena
Motaahokodun ontzi-flauta, digitazio zuloekin eta vessel flute (en) Itzuli
Hornbostel-Sachs sailkapena421.221.422
Jotzaileaocarinist (en) Itzuli


Okarinak ontzi-flautak dira. Forma askotakoak aurki daitezke (obalatuak, luzeskak, izaki edo objektuen itxura dutenak…). Moko-flauten moduko ahokoa izaten dute, eta zulo kopuru aldakorra.

Euskal Herrian eta inguruetan aski zabaldua dagoen okarina buztinezko ontzi luzeska da, erdi zilindrikoa, erdi sasi-konikoa. Gisa honetako okarinek doinuak emateko zortzi, bederatzi edo hamar zulo izaten dituzte (horietako bat edo bi atzealdean). Felip Pedrellek Musika Hiztegi Teknikoan dioenez [1], okarina eredu hau Italiako Budrio herriko Giuseppe Donatik asmatu zuen, aurretik erabiltzen ziren mota honetako soinu-tresnetan oinarriturik.

Bi eskuekin hartu eta ahokoa ezpainetan jarririk, haizea emanez jotzen da, beste flautak bezala. Zuloak itxi eta irekiz doinuak osa daitezke.

Jatorria eta historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
"Xun" okarina

Okarinaren jatorria antzinako kulturen artean aurkitzen da, garai hartan erritual eta jaialdi seremonialetan erabiltzen zen. Denboraren poderioz, musika estilo askotara moldatu da, eta mundu osoan ezagun bihurtu da. Txinan, 12.000 urte inguru dituen xun izeneko antzinako okarina bat dokumentatu da. Antzinako Amerikan ere, batez ere maien eta azteken artean, antzeko instrumentuak erabiltzen ziren, zeramikaz eginda eta forma “animalistak” hartzen zituztenak sarritan.[2]

Gaur egungo okarina forma italiarrean ezaguna bihurtu zen XIX. mendean, Giuseppe Donokarina italiar musikariaren eskutik. Hark diseinu biribilago eta afinazio egonkorragoa zuen okarina bat garatu zuen, gaur egun "okarina klasikoa" deitzen dena. [2]

Okarina euskal herri-musikan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inguruko herrietan bezala, Euskal Herrian halako soinu-tresnak toki askotan jo izan dira. Esate baterako, musika bandetan erabili dira historian zehar. 1970eko hamarkadan Intxaurrondon (Donostia, Gipuzkoa) bizi ziren Migel Angel Martin eta Maribelek burdinazko okarina bat zeukaten. Antza denez, Maribelen aitak Zumarragako (Gipuzkoa) musika bandan hura jotzen zuen, Espainiako Gerra Zibilaren aurretik, segur aski. Ez dugu fundiziozko burdinazko halako beste okarinarik ikusi.

Hala ere, Hernaniko (Gipuzkoa) Pilar Simonengandik (1925-2013) jaso dugu, 2002ko irailaren 3an Juan Mari Beltranekin izandako elkarrizketan, haren aitonak biolina jotzeaz gain okarina ere jotzen zuela. Aitonak etxean bi zituen, horietako bat “zilarrezkoa” (metalezkoa).

Joanito Arozena (1930-2021) txistulari oiartzuarrak esaten zuenez, Oiartzunen (Gipuzkoa) garai batean bakarka jotzen zen, tabernetan zein kalean.

Gaur egun oraindik ere Lizarraldean (Nafarroa) inguru horretako errepertorioa okarinaz jotzen duen joleren bat edo beste topa daiteke; esaterako, Karmelo Boneta. Hark esan zigun, Lizarran 2015eko abuztuaren 3an izandako elkarrizketan, okarinari “bokarra” ere esaten omen ziotela.

German Intxausti (1926-2004) Alegiako (Gipuzkoa) txistulariak okarina jotzen zuen bere gaztaroan. German hil zenean, haren seme Rikardok Soinuenean utzi zuen haren soinu-tresna. Gaur egun okarina hau Soinueneako erakusketan ikusgai dago.

Euskal Herriko elizetako ikonografian ez dugu aurkitu okarina arruntaren forma duen flautarik, baina bai antzeko ezaugarriak dituen beste flauta bitxi bat, Erromanikoko ikonografia oparoan bi formatan maiz azaltzen dena. Gehienetan ahokoa duen upeltxo baten forma du, eta besteetan ontzi lautuarena. Dolio[oh 1] izenarekin ezagutzen da flauta hori, eta ia beti beste soinulari batzuen ondoan agertu ohi da [3][4]. Hauek dira flauta horren oinarrizko ezaugarriak: okarinak bezala, ontzi bat izaten du, gehienetan upel formakoa, zeinaren barruan aireak bibratzen duen. Hala ere, ikerlari batzuentzat upeltxoaren formako tresna hauek edateko ontziak dira, ez flautak.

Zangotzako (Nafarroa) Santa Maria Elizan dagoen dolio jolea

Dolioek airea barrura zuzentzeko kanal bat dute. Ezpainek putz egitean duten posizioagatik, badirudi halako flauta batzuek biseldun ahokadura dutela, eta beste batzuek, aldiz, hodiaren ertzaren kontra zuzenean putz eginda funtzionatuko zutela. Ikonografian kasu askotan badirudi ez dutela digitaziorako zulorik. Horrek pentsarazten digu balizko flauta hauek pordoi gisako nota bakarra emango zutela. Zenbaitetan baina, flautaren formagatik eta jolearen eskuetako hatzen posizioagatik, uste dugu ontzian nota desberdinak emateko zuloak izan litzakeela, beste okarina askok bezala.

Okarina motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Okarina askok lau eta hamabi zulo artean dituzte, eta batzuk bi kameraz osatuta daude, nota gehiago jotzeko aukera emanez.

Okarina transbertsala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Okarina ezagunena eta erabiliena da. Forma biribila du eta bi eskuekin eusten da, posizio horizontalean. Zulo kopuruaren arabera, musikariak nota ezberdinak sor ditzake zuloak estaliz edo askatuz. Ohikoenak 10 edo 12 zulokoak dira. [5]

Zintzilikario okarina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina txikikoa eta diseinu trinkoa du; lepoan zintzilik eramaten da sokaren bidez. Bi aldaera nagusi daude:

  • Ingelesezko zintzilikaria: Txikia eta erabilerraza, lau eta sei zulo arteko digitazio sistema du.
  • Peruko zintzilikaria: Kolonbiaurreko jatorrikoa, jaialdi eta errituetan erabiltzen da, sarritan animalia itxurako edo forma obaleko diseinuekin eta zortzi zuloekin. [5]

Lerroko okarina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Fusio okarina" izenez ere ezaguna, zintzilikario eta transbertsal okarinen ezaugarriak uztartzen ditu. Txikia eta trinkoa da, baina zulo gehiago ditu zintzilikarioek baino, eta horrek tonu aukera zabalagoa ematen du. [5]

Ganbera anitzeko okarinak [6]

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tonu sorta zabalagoa eskaintzeko diseinatuak dira. Hauek dira ohikoenak:

  • Okarina bikoitza: Bi ganbera ditu, eta horrek nota sorta zabalagoa jotzeko aukera ematen du.
  • Okarina hirukoitza: Hiru ganberarekin, harmonia aberatsagoa eta akordeak jotzeko aukera ematen du.

Giltzadun okarinak [6]

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendearen amaieratik esperimentalki fabrikatutakoak dira. Beste haize-instrumentu batzuen antzeko giltzak dituzte, nota jakin batzuk errazago jotzeko.

Erabilera eta musika estiloak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Okarina instrumentu polifazetikoa da, eta hainbat musika estilo jotzeko erabili da: herri musika, klasikoa, musika banda, eta baita bideo-jokoen musika ere. The Legend of Zelda: Ocarina of Time bideo-joko ezagunak okarinaren ospea berriro piztu zuen 1998an, eta horren ondorioz instrumentua gazte askorentzat ezaguna eta erakargarria bihurtu zen.

Okarina gaur egun

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, mundu osoan badaude okarina fabrikatzaile eta interprete profesionalak. Internetek eta sare sozialek tresnaren zabalkundea erraztu dute, eta tutorial ugari eta partiturak aurki daitezke online. Halaber, hainbat musika eskolatan hastapen tresna modura erabiltzen da, bere erabilerraztasunagatik eta prezio eskuragarriarengatik.

  1. Hemen darabilgun “dolio” izendapena organologian aditua den Faustino Porras Roblesek emana da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Pedrell, Felip. (1894). Diccionario Técnico de la Música. , 321-322 or..
  2. a b (Gaztelaniaz) «Historia de la ocarina: Evolución y desarrollo del instrumento» musiquina.com 2024-05-18 (kontsulta data: 2025-05-08).
  3. (Gaztelaniaz) Porras Robles, F.. (2007). «Un nuevo aerófono del Románico: el Dolio» Revista de Folklore, (nº 315): 75-85..
  4. (Gaztelaniaz) Porras Robles, F.. (2013). «Dolia Sonantia (Toneles sonoros)» Revista de Folklore, (nº 372): 16-27..
  5. a b c Okarina. 2024-08-26 (kontsulta data: 2025-05-08).
  6. a b (Gaztelaniaz) Las ocarinas más fascinantes. 2023-07-20 (kontsulta data: 2025-05-08).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]