Edukira joan

Neolitoa

Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea
Neolito» orritik birbideratua)

Neolitoa (grezieratik νέος, néos, berri eta λίθος lithos, harri edo Harri Aro Berria) Harri Aroko azken aroa da, Mesolitoaren (edo Epipaleolitoaren) eta Brontze Aroaren artekoa. Aldi hartan errotik aldatu zen gizakiaren bizibidea, harrapari huts izatetik ekoizle izatera. Horren ondorioz, gizakiak bizileku finkoak hartu zituen, eta lehen hiriak sortu ziren.

Neolitoa Ekialde Hurbilean (Nilo, Eufrates eta Tigris ibaien artean) sortu zen duela 9.000 urte inguru, eta handik hedatu zen Europan, Afrikan eta Asian zehar. Euskal Herrian orain dela 5.000 urte inguru izan zen Neolitoa.

Neolitoaren sorreraren fokuak

Neolitoa Europan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Neolitoa azaltzen duen bideoa.
Neolito amaierako ontzi zeramikoa. Bretañako museoa

Neolitoko kultura Ekialde Hurbiletik hedatu zenez gero, berandu iritsi zen Europara. Hala, Ekialde Hurbilean, Indian eta Txinan Brontze Aroan sartu ziren unean (K.a. 2500. urte inguruan) Europan Neolitoan bizi zen gizakia. Zenbait tokitan, gainera, abeltzaintza lehenago sartu zen nekazaritza baino eta horregatik askoz urriago dira garai hartako herrien aztarnak. Bestalde, Europan hasieran ez zen herri iraunkorrik sortu: luberriak egin, lurra lantzeko prestatu eta emankortasuna galtzen zuenean, leku hura utzita beste lurralde batzuen bila joaten ziren bihia ereitera.

Neolitoko aztarna zaharrenetakoak orain dela 6.000 urte ingurukoak dira Europan. Garai hartako harrizko hilobiak aurkitu dira Italian. Europa Mendebaldean, Neolitoa honela sailka daiteke kronologiari dagokionez: Neolito Zaharra (K.a. 5400-4500 cal.), Neolito Ertaina (K.a. 4500-3300 cal.) eta Neolito Amaiera (K.a. 3300-2200 cal.).[1] Neolitoaren bukaeran agertu ziren Europan monumentu megalitikoak: zutarriak, harrespilak, tumuluak eta trikuharriak batez ere.

Neolitoa Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Neolito eta Kalkolitoa Euskal Herrian»
Harri leunduaz egindako aizkora eta nola sartuko zen bere kirtenean. Bougoneko tumuluen museoa.

Euskal Herrian, aurkitu diren aztarna neolitiko zaharrenak K. a. VI. milurtekoak dira.

Trikuharria Bilarren (Araba)

Neolitoaren ezaugarria lehenengo aldiz nekazaritza eta abeltzaintza agertzea izan zen, eta horiekin batera zeramika eta harri leundua. Euskal Herrian garia, artatxikia, oloa... agertu ziren eta zaldi-behorra eta ardiak edo ahuntzak etxekotu ziren. Badirudi mendietan abeltzaintzak garrantzi handiagoa duela eta beheko lurretan, nekazaritza, eskualde bakoitzaren ezaugarri bioklimatikoek baldintzatuta. megalitismoa (zistak, tumuluak, zutarriak eta trikuharriak, Neolitoa aurreratuan agertu zen. Lehenengo herri edo herrixka egonkorrak sortu ziren, etxebizitza finkoekin. Brontze Arora arte ez zen errotu aldaketa.

Neolito hasieran, talde mesolitikoentzat kobazuloak eta harpeak bizileku izan ziren, baina baita ehizarako behin behineko lekuak. Horiek Neolitoaren hainbat ezaugarri bereganatu zituzten. Aldi berean lur zabaleko herriak sortu ziten , hala nola Los Cascajos (Los Arcos, Nafarroa, Herrixka oso bat aurkitu da, nekazaritzan guztiz sartua.[2][3][4][5][6]), Paternanbideako hobi-zelaien aztarnategia (Ibero, Nafarroa). Ukuilu gisa erabilitako harpeen artan, hau da abeltzaintzarekin loturik transhumantziaren oinarria jarri zutenak daude: Peña Larga, Los Husos I eta II harpeak eta San Cristobal (Toloñoko mendilerroaren hegoaldean, Araban).[7]

Neolitoak aurrera egin ahala, barrunbeak albo batera utzi eta giza taldeek behin betiko aire librean finkatu ziren eta barrunbeak hilobi moduan edo abereak gordetzeko erabiltzen jarraitu zuten. Barrunbe askoren funtzioa alda zitekeen garai desberdinetan. Neolitoko aztarnak (aizkorak, geziak, etab.) aurkitu dira, aipatutakoez gain, Fuente Hoz kobazuloa (Anuntzeta, Araba), Marizulo leizea (Gipuzkoa), Herriko Barra: Zarautz, (Orain dela 6.000 urteko nekazaritza aztarna aurkitu zen bertan, ezagutzen den zaharrena)[8], Kobaederra: Kortezubi, Bizkaia. Nekazaritza eta abelazkuntzako aztarnak[9] eta Peña Larga (Kripan, Araba. Zeramikaz gain abereak agertu dira).

Sakontzeko, irakurri: «Iraultza neolitiko»

Bizileku finkoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizibide berriak hala eskatzen zuelako gizakia bizileku jakin batzuetan kokatu zen, lurra landu eta uztak zaindu ahal izateko. Hala, Paleolitoko gizaki ehiztari ibiltaria lurrari lotua geratu zen, eta lehen herriak sortu ziren. Lehenbiziko herriak eta hiriak Ekialde Hurbilean sortu ziren K.a. 6000. urte inguruan. Herrixkak handituz joan ahala, hiri bilakatu ziren. Adibidez, Jerikok, K.a. 6000 inguruan eraiki zenak, 2.000 biztanle inguru zituen: harresiz inguratutako lehen hiria da; etxeak adreiluzkoak ziren eta hormak igeltsuzkoak. Garai hartako beste hiri aipagarri bat Çatal-Hüyüc da (Turkia).

Herri bat eraikitzeko gizakiak talde handi samarretan bildu zirenean, lanaren banaketa eta espezializazioa sortu ziren. Hala, batzuek lurrak landu eta beste batzuek etxeak eta ontziak egiten zituzten. Aberastasuna ere hainbat moduz banatu bide zen, garai hartako aztarnategietan aurkitu diren arrastoetan etxe batzuk besteak baino handiagoak eta sendoagoak baitira. Lanaren banaketarekin batera, trukea (merkataritzaren aitzindaria) agertu zen: uztak behar baino gehiago ematen zuenean, bihia beste zerbaiten truke aldatu ohi zen; eskulangileek ere zerbaiten truke egiten zuten lan seguruenik. Gatza izan zen, agi danean, merkataritzaren lehen gaia. Hiriak sendotuz joan ahala, harresiz inguratu eta gotorleku bilakatu ziren, hango aberastasuna babestearren. Bestalde, ordea, merkataritzarekin hiriak beren artean harremanetan hasi bide ziren eta nolabaiteko lotura sortu zen haien artean. Garai berean sortu zen jabego pribatua.

Produkzioaren ugaritzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakiak antzinatik ezagutzen zuen landareen zikloa, lurreko fruituak bildu eta janez elikatzen zenez. Era berean, ezagutzen zituen animalien ohiturak ere, haiekin batera bizi izan baitzen sortu zenez geroztik. Hala, duela 9.000 urte inguru, lurralde emankorretan (Nilo ibaiaren inguruan eta Eufrates eta Tigris ibaien artean) bizi zen gizakiak laboreak lantzen ikasi zuen. Hasieran, bihiak erein zituen: garia, zekalea eta artatxikia batez ere. Halaber, lihoa lantzen zuen ehunak eta arropak egiteko.

Geroago, orain dela 7.000 urte inguru Txinan eta Indian arroza ere ereiten zen. Ameriketan, bestalde, orain dela 5.000 urte artoa ereiten zen. Mexikon, Tehuacan haranean aurkitu dira artoaren aztarna zaharrenak eta, horrekin batera, babarrun, txile eta kalabazarenak. Perun orain dela 3.000 urte erabiltzen zuten kotoia.

Fruituak biltzetik lurra lantzera igaro zen bezala, halaxe igaro zen gizakia ehiztari izatetik animaliak heztera. Orain dela 13.000 urte inguru zakurrak heziak ziren eta ehizan laguntzen bide zioten gizakiari. Duela 8.500 urte inguru ehiztari batzuk artzain bihurtu eta ardiak, ahuntzak eta behiak zaintzen hasi ziren Ekialde Hurbilean, Txinan eta Indian. Geroago, zerria, astoa, zaldia eta gamelua ere hezi zituzten. Dena dela, oso poliki gertatu bide zen, eta aurrerapen horiek ez zituzten baztertu aurreko denboretan ekonomiaren oinarriak izan ziren beste alorrak, alegia, gizakiak ehizan, arrantzan eta fruituak biltzen jarraitu zuen. Neolitoko bizibide berri haien harira tresna, lanabes eta teknika berriak sortu ziren premia berriei erantzuteko.

Greziako neolitoko zeramika

Tresna berriak: gurpila, lanabesak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neolitoan harria lantzeko modu berri bat asmatu zen: harria leuntzea. Harriari forma berriak eman eta tresna berriak asmatu zituen gizakiak: lurra lantzeko aitzurrak, harria leunduz egindako aizkorak, igitaiak, labanak eta beste asko. Era berean, zeramika asmatu zen. Paleolitoan gizakiak nolabaiteko ontziak egiten bazituen ere, Neolitoan hasi zen zeramika garatzen, eta era askotako ontziak asmatu ziren eginkizun berezietarako.

Yarmouki zeramika, arrain hezurduraren irudia deun dekorazioa. Jerikon, Zisjordanian, aurkitua

Bi arrazoi nagusik bultzatuta sortu eta indartu zen zeramika. Alde batetik, gizakia leku jakin batean finkatu eta etxe eta herri iraunkorrak eraiki zituen labore lurren inguruetan; hala, garai hartan asmatu ziren lurrezko adreiluak etxeak eta bestelako eraikuntzak egiteko; orobat, beroa jasateko eta isurkariak gordetzeko ontziak ere egiten hasi ziren. Bestetik, gizakiak uztak gordetzeko premia izan eta horretarako ontziak egiten hasi zen. Gizakia taldean bizitzen hasi zelarik, lanbide eta gizarte harreman berriak sortu ziren haren ondorioz: adibidez, lan espezializatua sortu zen eta trukeak (merkataritza) funtsezkoak gertatu ziren gizarte antolaketa berrian.

Neolitoaren amaiera eta lehen zibilizazioen sorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekialde Hurbilean, ibai handien inguruko lur emankorretan (Nilo, Tigris eta Eufrates ibaien inguruan), eraiki ziren lehenengo hiriak. Gerora, hiriak handitu ahala, harresiz babestu eta lehenengo armada iraunkorrak sortu ziren haiek babesteko. Hiriak beren artean harremanetan hasi ziren dela merkataritzaren bidez, dela indarrez. Modu horretan, lehen hiri elkarteak edo zibilizazioak agertu ziren K.a. 3500. urte inguruan. Eufrates eta Tigris ibaien artean Mesopotamiako zibilizazioa sortu zen, Nilo ibaiaren inguruan Egiptokoa eta Indo haranean, berriz, Indoko kultura. Halaber, Txinan Hoang Ho eta Yangtze ibaien inguruan sortu ziren zibilizazio guneak.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Frantsesez) Courtaud, Patrice; Dumontier, Patrice; Marticorena, Pablo; Linard, Delphine. (2021-12-07). «Relations au Néolithique entre les grottes et les dolmens des Pyrénées occidentales (France)» Préhistoires Méditerranéennes (9.2): 65–95.  doi:10.4000/pm.2913. ISSN 2118-8211. (kontsulta data: 2025-10-03).
  2. (Gaztelaniaz) «CER.es Colecciones en Red - Museos» ceres.mcu.es (kontsulta data: 2025-10-03).
  3. García Gazolaz, Jesús; Sesma Sesma, Jesús. Los Cascajos (Los Arcos, Navarra). Intervenciones 1996-1999. , 299-306 or..
  4. (Gaztelaniaz) «Los yacimientos de Los Cascajos en Los Arcos, declarados bienes de interés cultural (BIC)» Ayuntamiento de Los Arcos (kontsulta data: 2025-10-03).
  5. (Gaztelaniaz) Prehistoalava. (2015-05-05). «LOS CASCAJOS» arqprehistorica (kontsulta data: 2025-10-03).
  6. (Gaztelaniaz) García Gazólaz, Jesús et alii. (2011). «LOS CASCAJOS(LOS ARCOS, NAVARRA)J» Bernabeu Aubán, Joan; A. Rojo Guerra,Manuel; Molina Balaguer, Lluís (koord) SAGVNTVM: PAPELES DEL LABORATORIO DE ARQUEOLOGÍA DE VALENCIA  : LAS PRIMERAS PRODUCCIONES CERÁMICAS, EL VI MILENIO CAL AC EN LA PENÍNSULA IBÉRICA (Valentzia: Universitat de Valencia) EXTRA-12: 135-141. ISSN inprenta: 2253-7295; ISSN on line: 2254-0512 ISSN inprenta: 2253-7295; ISSN on line: 2254-0512..
  7. Torregarai Pagola, Elena; Álvaro, Aragón Ruano. (2017). «5. NEOLITOA ETA METALEN AROA. KALKOLITOA ETA BRONTZE AROA» GIPUZKOAKO HISTORIAREN SINTESIA ISBN 978-84-7907-777-8..
  8. Altuna, J.; Cearreta, Alejandro; Edeso, J.M.; Elorza, M.; Isturiz, J.M.; Mariezkurrena, K.; Mujika, Jose; Ugarte, F.M.. (1993-01-01). «El yacimiento de Herriko-Barra (Zarautz, País Vasco) y su relación con las transgresiones marinas holocenas» El Cuaternario en España y Portugal 2: 923–942. (kontsulta data: 2019-11-15).
  9. Zapata peña, Lydia; Ibáñez Estevez, Juan José; González Urquijo, Jesús. (1997). «El yacimiento de la cueva de Kobaederra (Oma, Kortezubi, Bizkaia). Resultados preliminares de las campañas de excavación 1995 -97» Munibe (Antropologia -Arkeologia) (Donostia) 49: 51 -63. ISSN - 2217 1132 - 2217..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]