Konfuzianismo
| Konfuzianismo | |
|---|---|
| Datuak | |
| Mota | philosophical movement (en) |
| Osatuta | |
| Sortzailea | |

Konfuzianismoa (txinera tradizionalaz, 儒學; erraztutako txineraz, 儒学; pinyinez, Rúxué), batzuetan Konfuzionismoa ere deitua, antzinako Txinako etika eta filosofia sistema da, Konfuzio jakintsu eta filosofo txinatarren irakaspenetatik garatua eta kosmogonia, gizartearen ordena, aginte, moral eta metafisikari buruzkoa.[1]
Bere garaian, zatiketa, gerra eta indarraren legea nagusi ziren feudalismo dekadente hartan, bizikidetza harmoniatsuaren giltzarriak erakutsi zituen: elkarren maitasuna, gizatiartasuna, apaltasuna, arlo guztietan neurritasuna, egiazko tradizioarekiko errespetua.[2] Haren helburu nagusia etika sekularrean gizabanako zibilizatuaren garapena da: horrek gizarte zibilizatua eta, azkenean, munduko bakea ekarriko luke. Pentsamendu ia erlijioso horrek eragin itzela izan du Ekialdeko Asian (Txina, Japonia, Korea eta Vietnamgo kulturetan bereziki)[3] XXI. mendera arte. Konfuzianismoaren filosofien kanona Lau Liburuek osatzen dute.
Konfuzianismoak jaso eta eratu zuen txinatar tradizio ortodoxoa. Horregatik, arrakasta handia izan zuen, eta, ondorengo historian zehar, ofizialki onartuta egon da, Mao Zedongek kondenatu zuen arte.[4]
Oinarrizko ideiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bi helburu nagusi ditu Konfuzioren filosofiak: Norbanakoa hobetzea –gizartean duen lekua betez eta Unibertsoaren harmoniaren barruan bere izaera betez– eta gizarte-egiturak hobetzea –gizakien elkarrekiko leialtasuna landuz eta ordena soziala gordez.
Konfuzioren jarraitzaileek, haren irakaspenak oinarritzat harturik, haren jarraitzaileek kosmogonia, gizartearen ordena, aginte, moral eta metafisikari buruz sortu zuten filosofia. Konfuzioren jarraitzaileek era askotara interpretatu zituzten maisuaren irakaspenak, eta, konfuzianismoan, mendez mende hainbat eskola eta joera izan ziren, maiz kontrajarriak. Konfuzianismoaren kosmogoniaren abiapuntua yin eta yang kontzeptuak dira, hatsapen negatiboa eta positiboa, elkarren arteko eraginez zerua, lurra eta izaki guztiak sortu zituztenak. Gobernuak familia patriarkalaren eredua jarraitzen zuen: zeruak izendatutako enperadorea herriaren aita onbera baten gisakoa zen. Konfuzianismoaren moralaren arabera, gizaki guztiak onak dira, berez, eta, zintzo izateko bidea, idazle klasikoen obrak ikastea da. Giza harremanak elkarrekikotasunean oinarriturik daude, eta bost dira gizakiaren bertuteak:[5]
- Onginahia edo maitasuna, beste bertuteen jatorria;
- Justizia, bakoitzari bere lekua ematen diona;
- Gurasoenganako maitasuna, edo eskubideak errespetarazten eta eginbeharrak betetzen erakusten duen begirunea;
- Jakintza, ongia eta gaizkia bereizten dituena, eta
- Egiatasuna.[5]
Konfuziok ez zuen arimari edo hilezkortasunari buruzko inolako irakaspenik eman; konfuzianismoaren jarraitzaileek izadia eta arbasoak gurtzen dituzte. Konfuzio hil eta handik urte askotara, konfuzianismoa erlijio bihurtu zen; K.a. II. mendean Han dinastiak erlijio ofizialtzat hartu zuen, eta Konfuzio bera jainkotua izan zen.[5]
Konfuzio baikorra zen giza naturari buruz: Hau ona denez, jakin behar dena egoki lantzea da.[4]
Doktrina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arbasoen gurtza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Konfuzioren jarraitzaileek arbasoen inguruko gurtzaren praktikatzaileak ziren. Arbasoen gurtzak garrantzi handia du konfuzianismoan. Hildakoen arimek beren ondorengoei mesede egin diezaieketela edo zigortu egin ditzaketela sinestea dakar. Gerora izan zuen bilakaerak erritu zibiko sinboliko bihurtu zuen. Hala ere, ez Konfuziok, ez Mentziok ez dute modu horretan hitz egiten arbasoen gurtzaz. Beste botere garrantzitsua zerua zen.

Enperadorea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Konfuzianismoan garrantzitsua den beste elementu bat erregea edo enperadorea da, Zeruko Semea ere deitua. Bera izango litzateke Zeruaren eta gizonen arteko bitartekari. Agintari txinatarrak errituak ospatzeko aginpidea eta autoritatea ditu. Gobernu txarrak, bestetik, ordena naturalaren aurka egiten du, eta Zeruko Mandatua urratzen du.
Kosmoarekin harmonia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Konfuzianismoak, beren garaikide gehienentzat bezala, kosmosa harmonikoa dela ikusten du, urtaroak, animalien bizitza, landaretza eta giza bizitza erregulatzen baititu. Harmonia hori nahastuz gero, ondorio larriak ematen dira. Gizakiak kosmosarekin harmonizatu behar du; hau da, zeruak agindutakoarekin bat etorri behar du; horretarako, introspekzioaren eta azterketaren bidez auto-perfekzionatu behar da.
Auto-perfekzionatzea lortzen badu, bere buruaren eta zeruko nahien berri izango du, eta horrek bere Li garatzeko balioko dio, hau da, errituak, zeremoniak, zuzentasuna eta barneratutako forma onak. Lia baliagarria da Ren delakoa garatzeko, hau da, «gainerako gizonekiko sentimendu onak». Ren praktikak Zhong eta Shu bertuteak suposatzen ditu, gutxi gorabehera «leialtasun» eta «barkamen» gisa itzultzen direnak, edo «fideltasun» eta «erruki» gisa. Gizonak Ren baldin badu, erraz egin dezake justizia, Yi izeneko printzipio onak. Konfuzianismoan, Yi Liren aurka dago, azken hori, lehen aipatutako Li horren tonu eta grafia ezberdinekoa delarik, erritu edo zeremonia esan nahi duena. Yiren kontrako Liak onura esan nahi du, irabazia, eta horrek Renek eskatzen duen eskuzabaltasunetik aldentzea dakar.[4]
Aurreko bertuteak praktikatzen dituen gizona Junzi bat da, gizon garaiagoa. Nobleak eta zaldunak adierazten zituzten sailkapen hierarkikoetatik dator terminoa. Shunin edo plebeioen aurka dago. Konfuzianismoan, ordea, nagusitasun morala nabarmentzen da, jatorri sozialarekiko loturarik gabe. Junzi hezia eta zuzena izango zen; bertutea berezkoa izango zitzaion, eta beti egongo zen Erdialde Justuan, zeinak adierazten baitzuen neurritasunaren beharra gauza guztietan. Gainera, Junziak Zeruko aginduak ezagutu eta errespetatzen ditu, eta berea ezagutzen du.
Konfuzianismoak dio goi-mailako gizon gutxi dagoela eta gehienak Xiaorenek osatzen dutela, literalki gizontxoak. Gizadiaren onenera izaten ez diren gizon arruntak dira. Hori dela eta, goi-mailako gizonak kargu publikoak betetzeko eginkizuna du, gizartea zuzendu ahal izateko. Puntu hori garrantzitsua da, ondorengo Txinako burokrazia asko identifikatu baitzen ideia horrekin, eta zerbitzu-espiritu handia sortu zen handitasun-garaietan. Hala ere, gainbehera garaian (europarrek XIX. mendean ikusi ahal izan zuten moduan), doktrina hipokrita bihurtu zen, konfuzianismoaren pentsamenduetatik oso urrun.
Hileta-errituak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txinako hileta-errituak iragan erlijioso sendoarekin tradizio folklorikoaren parte dira, dogma eta doktrinen ahozko tradizioa. Haren indarra erakusteko, Txinako lehen erlijioetako xamanak XX. mendera arte aurki zitezkeela esan daiteke.
Txinako kulturarako pertsona bat hiltzeak ez du esan nahi familiaren bizitza komunean parte hartzeari uzten dionik. Harreman bat dago bizidunen eta hildakoen artean. Arbasoek familia-unitatearen oparotasunari eta zoriontasunari babesa emateaz gain, maila ekonomikoan ere laguntza ematen omen dute. Tradizio horri esker, familia ez da nukleo zuzena bakarrik, ondorengotza lerro historiko jarraitua ere bada. Antzinatik, beraz, Txinako gizarte tradizionalean, heriotzaren eta espirituen munduari lotutako errituak izan dira nagusi. Horren ondorioz, pertsona baten heriotza fisikoaren aurretik, bitartean eta ondoren egiten ziren praktika ugari zeuden.
Pertsona bat hiltzen ari zenean hiru elementu hartzen ziren kontutan bereziki:
- Burkoa: pertsonak hiltzeko unean oinak ikus bazitzakeen, ondorengoek zorigaitza lagun izango zuela uste zen. Horregatik, burkoak atzera egin behar zen hiltzen ari zena horizontalean atseden har zezan eta horrela lasai hil zedin. Hildakoaren burkoa ezin zen berriro erabili, eragin negargarria baitzuen. Ohikoa zen etxeko teilatura botatzea, urteen poderioz hura desegiteko.
- Arropak: heriotza hurbiletik zelatan zegoenean, familiak hildakoaren jantziak aukeratu eta prestatzen zituen.
- Ohea: pertsona familiakoaz kanpoko ohe batera eramaten zuten, izpiritu gaiztoetatik urruntzeko eta arima beti pisuz zamatzera kondenatua izan ez zedin.
Agure baten heriotza gerturatzen denean, familia osoa bildu behar da. Distantzia luzeak egin ditzakete biltzeko. Hiltzen denean, negar egiten dute negar malko bizitan; etxeko apaingarri guztiak kentzen dituzte, eta pankarta zuri bat jartzen dute atearen gainean etxebizitza horretan heriotza bat gertatu dela jakinarazteko. Aldi berean, gorpua garbitzen dute. Ondoren, hildakoaren arropa onenak janzten diote; perfumatu ere egiten dute. Gero, hildakoa lor daitekeen kalitate handieneko aulkian esertzen da. Jarrera horretan, beilatokia antolatzen da.
Jarraitzaileen aldaketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baina konfuzianismoak bere garapena izan du historian zehar; perfekzio moralaren ahalgarritasuna aztertzean, pentsaera desberdinak agertu dira. Batzuk {Mentziok, e.b.) giza natura jatorriz ona ikusten dute, eta giza perfekzioa horren garapen gisa; beste batzuentzat, ordea, legalistentzat adibidez, giza natura endekaturik eta okerturik dago, eta heziketaren eta arauen beharra dago okerrerako joerak zuzentzeko. Ikasle-andana handia utzi zuen ondoren Konfuziok. Horiek eta geroko jarraitzaileak haren irakaspenak zabaldu eta garatzen saiatu ziren. Horien artean, garrantzi handia ukan zuen, eta aipamen berezia merezi du Mentziok. K.a. 372-289 inguruan bizi izan zen Mentzio. Beronen irakaspenak Mentzio izena daraman liburutik ezagutzen da. Filosofo politiko eta soziala da Mentzio. Beraren pentsaeran, erabat loturik doaz etika eta politika. Haren ustez, errege izateko ez da jatorrizko aristokraziaren beharrik, eta bai filosofoen jakinduriarena: jakintza eta bertutea. Despotismoaren kontrakoa da osorik Mentzio, Gizakia, berez ona denez, benetako politika gizatasun hori bideratu eta garatzen duena da eta ez legeen eta zigorren ezarpenez zuzendu nahi duena. Gerra erabat ukatu gabe ere, oso antimilitarista agertzen da filosofoa, bai eta antiutilitarista ere etikaren alorrean. Oso eragin handia ukan zuen luzaroan Mentziok. Konfuzianismoak txinatar tradizio ortodoxoa jaso eta eratu zuen. Horregatik, arrakasta handia izan zuen, eta, ondorengo historian zehar, ofizialki onartuta egon da, Mao Zedongek kondenatu zuen arte.[4]

Erlijioa ote?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europan, batzuen ustetan, ekialdeko Asiako gobernuek konfuzianismoa estatuko erlijiotzat jo dute konfuzianismoaren bertuteak eta beharrak bultzatu dituztelako. Benetako erlijiotzat ere hartu izan da konfuzianismoa, nahiz eta sineste-gorputz berezirik ez eduki; balio moral eta kode sozialek osatzen duten substratu kultural tradizionala da funtsean, txinatarren erritu sozialetan eta eguneroko bizitzan gorpuzten dena. Horren gain gizarteratu dira txinatarrek onarturiko eta praktikaturiko erlijioak: budismoa, taoismoa, kristautasuna, etab.[6]
Konfuziok ez zuen arimari edo hilezkortasunari buruzko inolako irakaspenik eman; konfuzianismoaren jarraitzaileek izadia eta arbasoak gurtzen dituzte. Dena dela, Konfuzio hil eta handik urte askotara, konfuzianismoa erlijio bihurtu zen; K.a. II. mendean, Han dinastiak erlijio ofizialtzat hartu zuen, eta Konfuzio bera jainkotua izan zen.[7]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurrekari metafisikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

He Guanghuren arabera, konfuzianismoa identifika daiteke Shang-Zhou-ren (K.a. 1600-256 inguru) erlijio ofizialaren jarraipen gisa edo hiru mila urtez etenik gabe iraun duen txinatar aborigenen erlijio gisa[9]. Bi dinastiek jainkotasun goren bat gurtzen zuten, shangterrek «Shangdi» (Jainkotasun Gorena) edo «Di» deitua eta zhoutarrek, berriz, «Tian» (Zerua). Shangdi, izan ere, Shang errege-etxearen lehen arbaso gisa sortu zen[10], beste izen bat «Aita Gorena» (上甲; Shàngjiǎ) izanik[11]. Shang teologiak naturaren jainkoen eta arbasoen aniztasuna Di-ren zati gisa ikusten zuen. Di Wufang Shangdi gisa agertzen da, haizeak (風; fēng) dituelarik bere borondate kosmiko gisa[12]. Zhou dinastiarekin, shangtarrak boteretik kendu zituenarekin, jainkotasun gorenaren izena «Tian» bihurtu zen[10]. Shangtarrek beren arbaso-jainkotzat identifikatu zuten Shangdi jainkozko boterea aldarrikatzeko, baina zhoutarrek aldarrikapen hori botere moralean oinarritutako zilegitasun bihurtu zuten, zeruko aginpidea. Zhou teologian, «Tian»ek ez zuen lurreko ondorengo berezirik, baizik eta jainkozko faborea agintari bertutetsuei eman zien. Zhou erregeek adierazi zuten shangtarren aurkako garaipena birtutetsuak eta beren herria maite zutelako izan zela; shangtarrak, berriz, tiranoak zirela eta, beraz, «Tian»ek boterea kendu zien[13].
John C. Didier eta David Pankenierrek antzinako «Di» eta «Tian» txinatar karaktereko bi formak iparraldeko zeruko izarren ereduekin erlazionatzen dituzte, izan marraztuta, Didierren teorian, ipar zeruko poloa inguratzen duten konstelazioak karratu gisa lotuz[14], edo, Pankenierren teorian, Hartz Handiaren eta Hartz Handi zabalagoa den eta Hartz Txikiaren konstelazioak osatzen dituzten izar batzuk lotuz[15]. Munduko beste leku batzuetako kulturek ere izar edo konstelazio horiek gauzen jatorriaren, jainkotasun gorenaren, jainkotasunaren eta errege-boterearen sinbolo gisa ulertu dituzte[16]. Jainkotasun gorena dragoiarekin ere identifikatzen zen, funtsezko botere proteikoarena botere mugagabearen (qi) sinboloa[10], yin eta yang, batasunean, gorpuzten dituena eta Draco konstelazioarekin lotuta, ipar poloaren eliptikoaren inguruan kiribiltzen dena[8] eta Hartz Txikiaren eta Handiaren artean irristatzen dena.
Zhou tradizioak ahultzen
[aldatu | aldatu iturburu kodea]K.a. VI. menderako, «Tian»en boterea eta Lurrean ordezkatzen zuten sinboloak (hirien arkitektura, tenpluak, aldareak eta erritu-ontziak eta Zhou errituen sistema) hedatu egin ziren, eta Zhou estatuetako zenbait boteretsuk aldarrikatu zituzten anbizio ekonomiko, politiko eta militarrak legitimatzeko. Jainkoarekiko komunikazioa ez zen jada Zhou errege-etxearen pribilegio esklusiboa, baizik eta «Tian»en autoritatea eskuratzeko beharrezkoak ziren zeremonia landuak eta erritu zahar eta berriak ordaintzeko gai zen edonork eros zezakeen[17].
Zhou erritual sistema gainbehera etortzeaz gain, «Tian»en borondateari heltzeko ahalegin gisa garatu ziren basati" (野; yě) edo sistema ofizialetik kanpoko tradizio gisa defini daitezkeenak. Mendebaldeko zhoutarren kolapsoaren ondorioz eta agintaritza politiko zentrala erori zen heinean, biztanleriak tradizio ofizialean fedea galdu zuen, eta dagoeneko ez zen zeruarekin komunikatzeko modu eraginkortzat ikusten. «Bederatzi eremuen» (九野) eta I Ching tradizioak loratu ziren[18]. Txinako pentsalariak, zilegitasun erronka honen aurrean, «Ehun pentsamendu eskola»tan banatu ziren, bakoitzak bere ikuspegi filosofikoa proposatuz munduaren prozesuak ulertzeko.
Konfuzio (K.a. 551–479) birkonfigurazio politiko eta zalantza espiritualen garai horretan agertu zen. Shang-Zhou tradizioetan hezi zen, eta tradizio horiek transmititzen eta birformulatzen lagundu zuen, gizakien auto-lanketari eta autonomiari zentraltasuna emanez[13], baita auto-ezarritako norbanakoaren hezkuntza-ahalmena beste batzuei beren burua finkatzen laguntzeko (愛人; àirén; besteak maitatzeko printzipioa)[19]. Zhou erregealdia erori ondoren, balio tradizionalak alde batera utzi ziren, eta, horren ondorioz, gainbehera moralaren hautemate-aldi bat sortu zen. Konfuziok errukiaren eta tradizioaren balioak gizartean indartzeko aukera ikusi zuen, antzinako ordena moral perfektu galdu bat berreraikitzeko helburuarekin. Garai hartako kulturarekin, jakintsu aurkariekin eta erlijio-agintaritzekin desengainatuta, Zhou erlijio tradizionalaren interpretazio etiko bat sustatzen hasi zen[20]. Bere ustez, «Tian»en boterea nonahikoa da, eta positiboki erantzuten dio gizatasunak eta zuzentasunak, duintasunak eta altruismoak bultzatutako bihotz zintzoari. Konfuziok ezaugarri horiek harmonia sozio-politikoa berreskuratzeko beharrezko oinarri gisa ulertu zituen. Garaikide askok legez, Konfuziok erritu-praktikak «Tian»era iristeko modu eraginkor gisa ikusten zituen, baina uste zuen korapilo erabakigarria parte-hartzaileek erritu-ekintzetan parte hartu aurretik sartzen duten errespetuzkoa barne-egoera zela[21]. Xia-Shang-Zhou dinastietatik heredatutako liburu klasikoak, Konfuziok zuzendu eta berriro kodifikatu zituela esaten da, baita Udaberri eta Udazkeneko analak idatzi zituela ere[22].
Konfuzianismoa gorantz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erresuma Borrokalarien garaiko filosofoek, estatuak bultzatutako erritualetan zein Konfuzioren ondarean oinarritutako estatu-erritualekin lerrokatu gabe zeudenek, Analektak liburuan bildutako Konfuzioren ondarean oinarritu ziren, eta konfuzianismoaren oinarri bihurtu zen metafisika klasikoa formulatu zuten. Konfuziorekin bat etorriz, lasaitasun mentala «Tian» egoerarekin edo Batekin (一; Yī) identifikatu zuten, zeina norbanako bakoitzarengan zeruak emandako jainkozko boterea den norberaren bizitza eta mundua gobernatzeko. Teoria ere zabaldu zuten ekoizpenaren batasuna eta iturri kosmikoan berriro xurgatzea proposatuz, eta, gogo-egoera zuzenaren bidez, ulertzeko eta, beraz, berriro lortzeko aukera. Pentsamendu-ildo horrek eragina izango zuen ondorengo Txinako teoria eta praktika mistiko indibidual eta kolektibo-politiko guztietan[23].
Han dinastiaren garaian (K.a. 206 - K.o. 220), estatuak ofizialdu egin zituen konfuzianismoaren irakatsiak, hezkuntzaren oinarritzat nahiz eguneroko bizitzarako jarraibide gisa. Dinastia berriarekin, budismoak eta taoismoak nagusitasuna izan zuten garaian ere (K.o. II.-X. mendeetan), konfuzianismoak iraun egin zuen txinatar kulturaren eta eguneroko bizi-moldearen erdian, eta, 960tik aurrera, Song dinastiak, erreakzioz budismoa eta taoismoa ukatuz, konfuzianismoa ofizialki berrezarri zuenean ere, hiru eskola handiak elkarrekin eta elkarrekiko eraginean bizi izan ziren.[6]
Han dinastian, konfuziarrek, Dong Zhongshu-rengandik hasita, Erresuma Borrokalarien garaiko konfuzianismoa sintetizatu zuten yin eta yang-aren eta wuxing-aren ideiekin, baita herri-sineskeriekin eta Naturalisten eskolara eraman zuten aurreko eskolekin ere[24].
460ko hamarkadan, konfuzianismoak Txinako budismoarekin lehiatu zen, eta ohiko konfuzianismoa «etika pertsonalari eta sinesmen espiritualei buruzko kosmologia zabala» zen, eta mila urte baino gehiago lehenagoko filosofo konfuzianistetarainoko sustraiak zituen[25].
Konfuzianismoa Txinako merkatarien bitartez iritsi zen Japoniara, eta eragin handia izan zuen sinesmen sintoisten gainean, gaur egungo Japonian oraindik garbi ageri denez. Konfuzianismoa kode etikoa da, eta, arau inportanteen artean, familiarenganako eta familiaburuarenganako (aita) leialtasuna du. Ideia horrek eta bai hildakoek bizirik irauten dutelako sinesmenak arbasoen kultua gisako kultura patriarkala sortu zuen lehengo Japonia tradizionalean.[26]
Konfuzianismoaren gainbehera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX. mendean, Txina Mendebaldeari irekitzean, krisi bizian sartu zen kultura konfuzianista tradizionala modernizazioaren izenean, 1911n enperadoreen erregimena ezabatu eta errepublika ezartzean ofizialtasunik gabe geratu zen arte. Dena dela, konfuzianismoa birbalioztapen edota eguneratzearen aldekoen eta hori baztertzearen aldekoen arteko borroka eta eztabaida egon da, hain zuzen, XX. mendeko Txinako mugimendu politiko eta intelektualen erdigunean. Eraso guztien ondoren ere (Mao Zedongek kondenatu zuen esaterako [4] ), konfuzianismoaren mundu-ikuskerak eta funtsezko printzipio moralek txinatar identitate kulturalaren erdigunean irauten dute, ofizialtasuna eta eskolatze-iturri izateari utzi ondoren ere.[6]
Konfuzioren azterketa sistema 1894an indargabetu zen Korean; 1905ean, Txinan, eta, 1919an, Vietnamen. Horrek esan nahi zuen dagoeneko Konfuzioren ideologiarekin egokitzea ez zela funtzio publikoan edo politikan karrera bat egiteko aurrebaldintza, eta beste ideologia batzuetako pertsonek (batez ere nazionalismoa eta sozialismoa) gizartean lidergo postuak lortzea ahalbidetzen zuen[27]
Konfuzianismoaren printzipioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Konfuzioren jarraitzaileek era askotara interpretatu zituzten maisuaren irakaspenak eta konfuzianismoan: horrela, mendez mende hainbat eskola eta joera, maiz kontrajarriak, izan ziren. Konfuzianismoaren kosmogoniaren abiapuntua yin eta yang kontzeptuak dira, hatsapen negatiboa eta positiboa, elkarren arteko eraginez zerua, lurra eta izaki guztiak sortu zituztenak. Gobernuak familia patriarkalaren eredua jarraitzen zuen: zeruak izendatutako enperadorea herriaren aita onbera baten gisakoa zen. Konfuzianismoaren moralaren arabera, gizaki guztiak onak dira, berez, eta zintzo izateko bidea idazle klasikoen obrak ikastea da. Giza harremanak elkarrekikotasunean oinarriturik daude, eta bost dira gizakiaren bertuteak: onginahia edo maitasuna, beste bertuteen jatorria; justizia, bakoitzari bere lekua ematen diona; gurasoenganako maitasuna, edo eskubideak errespetarazten eta eginbeharrak betetzen erakusten duen begirunea (jakintza, ongia eta gaizkia bereizten dituena) eta egiatasuna. Konfuziok ez zuen arimari edo hilezkortasunari buruzko inolako irakaspenik eman; konfuzianismoaren jarraitzaileek natura eta arbasoak gurtzen dituzte. Konfuzio hil eta handik urte askotara, konfuzianismoa erlijio bihurtu zen; K. a. II. mendean, Han dinastiak erlijio ofizialtzat hartu zuen, eta Konfuzio bera jainkotua izan zen.
Txinako errituen inguruko katolikoen eztabaida
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europarrek lehen aldiz konfuzianismoarekin topo egin zutenetik, konfuzianismoa nola sailkatu behar den eztabaidagai izan da. XVI. eta XVII. mendeetan, Txinara iritsi ziren lehen europarrek, jesuita kristauak, konfuzianismoa sistema etikotzat hartzen zuten, ez erlijiotzat, eta kristautasunarekin bateragarria zen sistematzat[28]. Jesuitek, Matteo Ricci barne, txinatar errituak «erritu zibiltzat» hartzen zituzten, katolizismoaren erritu espiritualekin batera bizi zitezkeenak[28].
XVIII. mendearen hasieran, hasierako irudikapen hori domingotarrek eta frantziskotarrek baztertu egin zuten, ekialdeko Asiako katolikoen artean, «Errituen eztabaida» izenez ezagutzen den gatazka bat sortuz[29]. Domingotarrek eta frantziskotarrek argudiatu zuten txinatar arbasoen gurtza idolatria mota bat zela, kristautasunaren printzipioen aurkakoa. Ikuspegi hau Benedikto XIV.a aita santuak indartu zuen, txinatar errituak debekatzea agindu baitzuen[29], nahiz eta, 1939an, Pio XII.a aita santuak debeku hori berriro aztertu eta indargabetu zuen, baldin eta tradizio horiek liturgiaren benetako eta zinezko espirituarekin bat egiten bazuten[30].
Kritikari batzuek konfuzianismoa panteista eta ez teistatzat hartzen dute, ez baitago oinarrituta naturaz gaindikoan edo plano tenporaletik bereizita dagoen jainko pertsonal baten sinesmenean[31][32]. Konfuzioren «tian»ari eta mundua gobernatzen duen jainkozko probidentziari buruzko ikuspuntuak, adibidez, Analetak 6:26, 7:22 eta 9:12 ataletan aurki daitezke. Espiritualtasunari buruz, Konfuziok Chi Lu-ri, bere ikasle bati, esan zion: «Oraindik ez zara gai gizakiei zerbitzatzeko, nola zerbitza diezaiekezu espirituei?»[33]. Konfuziok arbasoen gurtza, errituala eta sakrifizioa gisako atributuak defendatzen zituen gizarte-harmoniarako beharrezkotzat; atributu horiek Txinako herri-erlijio tradizionalean aurki daitezke.
Adituek aitortzen dute sailkapena, azken finean, erlijioa nola definitzen den araberakoa dela. Erlijioaren definizio zorrotzagoak erabiliz, konfuzianismoa zientzia moral edo filosofia gisa deskribatu izan da[34][35]. Baina definizio zabalago bat erabiliz, hala nola Frederick Strengek erlijioa «eraldaketa gorenerako bide» gisa definitzen duena[36], konfuzianismoa «ezaugarri erlijiosoak dituen doktrina soziopolitikotzat» deskriba daiteke[32]. Azken definizio horrekin, konfuzianismoa erlijiosoa da, teista ez bada ere, «erlijio osoen oinarrizko funtzio psikosozial batzuk betetzen» dituen zentzuan[32].
Testu klasikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Konfuzianismoa, funtsean, liburu kanoniko batzuen azterketa sakonean oinarritzen da, Bost klasikoak Han dinastian kanonizatuak eta Lau liburuak neokonfuzianismoa irudikatzen dutenak, XII. mendetik aurrera azterketa inperialen programa gisa aukeratuak.[37]
Bost Klasikoak (Liu Ching)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berez, sei ziren:
- 1.Yuejing, Musikaren Liburua (galdua)
- 2.I Ching, Eraldaketaren Liburua 《易經》
- 3.Shu Jing Historia Liburua 《書經》
- 4.Shi Jing Gorazarreen Liburua 《詩經》
- 5.Li Chi, Errituen Liburua 《禮記》
- 6.Chun Qiu Udaberriko eta Udazkeneko Urtekaria 《春秋》
Lau Liburuak (Si Shu)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1. Lun Yu Analektak《論語》. 2008an euskaraz plazaratuta.[38]
- 2. Da Xue Ezagutza Bikaina《大學》
- 3. Zhong Yong Erdipurdikeriaren Doktrina 《中庸》
- 4. Meng Zi Mencius《孟子》
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Yao, Xinzhong (2000). An Introduction to Confucianism. New York: Cambridge University Press. 38-47.or. ISBN 0521643120. OCLC 40925897.
- ↑ https://web.archive.org/web/20240215145014/https://www.elkar.eus/eu/liburu_fitxa/analektak/konfuzio/9788483942215
- ↑ https://reyespi142.wixsite.com/erlijioberrio1/konfuzianismoa
- ↑ a b c d e Paulo Agirrebaltzategi: «Konfuzianismoa», UZEI (1987): Jakin. 314..
- ↑ a b c Ura Agentzia: «Konfuzianismo», Ura Agentzia. Eusko Jaurlaritza.
- ↑ a b c Harluxet Entziklopedia: «Konfuzianismo», Harluxet Entziklopedia.
- ↑ https://www.kideitu.euskadi.eus/contenidos/termino/_c03545/eu_k_2323/k2323.html
- ↑ a b Pankenier 2013, 55 orr. .
- ↑ Chen 2012, 105, note 45 orr. .
- ↑ a b c Libbrecht 2007, 43 orr. .
- ↑ Didier 2009, 227–228, Vol. II orr. .
- ↑ Didier 2009, 143–144, Vol. II orr. .
- ↑ a b Fung 2008, 163 orr. .
- ↑ Didier 2009, 103, Vol. II orr. .
- ↑ Pankenier 2013, 138–148, "Chapter 4: Bringing Heaven Down to Earth" orr. .
- ↑ Didier 2009, passim Vol. I.
- ↑ Didier 2009, xxxvi–xxxvii, Vol. I orr. .
- ↑ Didier 2009, xxxvii–xxxviii, Vol. I orr. .
- ↑ Zhou 2012, 2 orr. .
- ↑ Ivanhoe, Philip J.; Van Norden, Bryan W.. (2005). Readings in Classical Chinese Philosophy. (2.. argitaraldia) Indianapolis: Hackett Publishing Company, 2 or. ISBN 0-87220-781-1. OCLC .60826646.
- ↑ Didier 2009, Vol. III, pp. 96–99.
- ↑ Zhou 2012, 1 orr. .
- ↑ Didier 2009, xxxviii–xxxix, Vol. I orr. .
- ↑ Willard Gurdon Oxtoby, ed. World Religions: Eastern Traditions. (2nd. argitaraldia) Don Mills, Ontario: Oxford University Press, 169–170 or. ISBN 0-19-541521-3. OCLC .46661540.
- ↑ Frankopan, Peter. (March 2017). The Silk Roads: A New History of the World. (First Vintage Books. argitaraldia) New York: Vintage Books, 32 or. ISBN 978-1-101-94633-6..
- ↑ https://www.educacion.navarra.es/documents/713364/714655/MundoJavierEusk.pdf/656fcc5f-e6d4-43e2-a4a8-f9d2c1bc294d
- ↑ (Ingelesez) Haifeng, L. I. U.. (2007-01-01). «Influence of China’s imperial examinations on Japan, Korea and Vietnam» Frontiers of History in China 2 (4): 493–512. doi:. ISSN 1673-3401. (kontsulta data: 2025-07-29).
- ↑ a b (Elman 2005, 112 orr. ).
- ↑ a b (Gunn 2003, 108 orr. ).
- ↑ «Sacrosanctum Concilium» www.vatican.va (kontsulta data: 2025-07-29).
- ↑ Adler 2014, 12 orr. .
- ↑ a b c (Yang 1961, 26 orr. ).
- ↑ (Sinaiko 1998, 176 orr. ).
- ↑ «Is Confucianism a Religion?» terpconnect.umd.edu (kontsulta data: 2025-07-29).
- ↑ «The Urantia Book Fellowship - Confucianism Redirect» urantiabook.org (kontsulta data: 2025-07-29).
- ↑ Streng, Frederick, "Understanding Religious Life," 3rd ed. (1985), p. 2
- ↑ https://eu1.warbletoncouncil.org/literatura-china-7892#menu-5
- ↑ Itzulpena Patxi Ezkiaga. Erlijioen jakinduria bilduma, Ibaizabal Fondo, ISBN: 978-84-8394-221-5, 96 or.
Bibliografia euskaraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Konfuzio (2008): Analektak《論語》. Itzulpena Patxi Ezkiaga. Erlijioen jakinduria bilduma, Ibaizabal Fondo, ISBN: 978-84-8394-221-5, 96 or. Joxe Arregiren hitzaurrea eta oharrak.[1]
- Paulo Agirrebaltzategi: «Konfuzianismoa», in: UZEI (1987): Filosofia/1. Hiztegia. UZEI. Donostia. 314.or.
- Paulo Agirrebaltzategi: «Neokonfuzianismoa», in: UZEI (1987): Filosofia/1. Hiztegia. UZEI. Donostia. 383.or.
Gainerako bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Adler, Joseph A.. (2020). Confucianism as a Religious Tradition: Linguistic and Methodological Problems. University of California at Berkeley jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2022-01-23[2]).
- William Theodore De Bary. (1989). Neo-Confucian Education: The Formative Stage. University of California Press, 455 or. ISBN 978-0-520-06393-8..
- Billioud, Sébastien; Thoraval, Joël. (2015). The Sage and the People: The Confucian Revival in China. Oxford University Press ISBN 978-0-19-025814-6..
- Billioud, Sébastien. (2010). «Carrying the Confucian Torch to the Masses: The Challenge of Structuring the Confucian Revival in the People's Republic of China» Oriens Extremus (Harrassowitz Verlag) 49 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2022-10-10).
- Clart, Philip. (2003). «Confucius and the Mediums: Is There a "Popular Confucianism"?» T'oung Pao (Brill) 89: 1–38. doi:. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2022-10-10).
- Chan, Joseph. (2013). Confucian Perfectionism: A Political Philosophy for Modern Times. Princeton University Press ISBN 978-0-691-16816-6..
- Chen Yong. (2012). Confucianism as Religion: Controversies and Consequences. Brill ISBN [[Special:BookSources/978-90-04-24373-6[3]|978-90-04-24373-6[3]]]..
- Creel, Herrlee Glessner. (1949). Confucius and the Chinese Way. New York: Harper Torchbooks.
- John W. Dardess. (1983). Confucianism and Autocracy: Professional Elites in the Founding of the Ming Dynasty. University of California Press ISBN 978-0-520-04733-4..
- Didier, John C.. (2009). «In and Outside the Square: The Sky and the Power of Belief in Ancient China and the World, c. 4500 BC – AD 200» Sino-Platonic Papers (192).
- Elman, Benjamin A.. (2005). On Their Own Terms: Science in China, 1550–1900. Harvard University Press ISBN 978-0-674-01685-9...
- Fan Lizhu; Chen Na. (2015). «The Religiousness of "Confucianism" and the Revival of Confucian Religion in China Today» Cultural Diversity in China 1: 27–43. doi:. ISSN [4] 2353-7795[4]..
- Fan Lizhu; Chen Na. (2015-03-18/23contribution=Revival of Confucianism and Reconstruction of Chinese Identity). The Presence and Future of Humanity in the Cosmos. Tokyo: ICU[5]..
- Feuchtwang, Stephan. (2016). «Chinese religions» in Woodhead, Linda Religions in the Modern World: Traditions and Transformations. (3.. argitaraldia) London: Routledge, 143–172 or. ISBN 978-1-317-43960-8..
- Fingarette, Herbert. (1972). Confucius: The Secular as Sacred. New York: Harper ISBN 978-1-4786-0866-0..
- Fung Yiu-ming. (2008). «Problematizing Contemporary Confucianism in East Asia[6]» in Richey, Jeffrey Teaching Confucianism. Oxford University Press, 157–186 or. ISBN 978-0-19-804256-3..
- Gardner, Daniel K.. (2014). Confucianism: a very short introduction. Oxford: Oxford Univ. Press ISBN 978-0-19-539891-5..
- Gunn, Geoffrey C.. (2003). First Globalization: The Eurasian Exchange, 1500 to 1800. Rowman & Littlefield ISBN 978-0-7425-2662-4...
- Haynes, Jeffrey. (2008). Routledge Handbook of Religion and Politics. Taylor & Francis ISBN 978-0-415-41455-5...
- Hsu, Daniel. (16 November 2014). «The Civil Theology of Confucius' "Tian" Symbol» Voegelin View jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2019-12-24) (kontsulta data: 2018-02-25).
- Ivanhoe, Philip J.. (2000). Confucian Moral Self Cultivation. (2. ik.. argitaraldia) Indianapolis: Hackett Publishing ISBN 978-0-87220-508-6..
- Libbrecht, Ulrich. (2007). Within the Four Seas...: Introduction to Comparative Philosophy. Peeters Publishers ISBN 978-90-429-1812-2..
- Littlejohn, Ronnie. (2010). Confucianism: An Introduction. I.B. Tauris ISBN 978-1-84885-174-0...
- Nivison, David S.. (1996). The Ways of Confucianism: Investigations in Chinese Philosophy. Chicago: Open Court Press ISBN 978-0-8126-9340-9..
- Payette, Alex. (19–24 July 2014). Panel RC43: Role of Religion in Political Life. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2017-10-23) (kontsulta data: 2015-05-09).
- Pankenier, David W.. (2013). Astrology and Cosmology in Early China. Cambridge University Press ISBN 978-1-107-00672-0..
- Rosenlee, Lisa Li-Hsiang. (2012). Confucianism and Women: A Philosophical Interpretation. SUNY Press, 164 or. ISBN 978-0-7914-8179-0..
- Shen Qingsong; Shun Kwong-loi. (2007). Confucian Ethics in Retrospect and Prospect. Council for Research in Values and Philosophy ISBN [[Special:BookSources/978-1-56518-245-5[7]|978-1-56518-245-5[7]]]...
- Sinaiko, Herman L.. (1998). Reclaiming the Canon: Essays on Philosophy, Poetry, and History. Yale University Press ISBN 978-0-300-06529-9...
- Tay, Wei Leong. (2010). «Kang Youwei: The Martin Luther of Confucianism and His Vision of Confucian Modernity and Nation» Secularization, Religion and the State jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2022-10-10).
- Woo, Terry Tak-ling. (2019). «Chinese & Korean Traditions» in Amore, Roy C. World religions: Eastern traditions. (5.. argitaraldia) Oxford New York: Oxford University Press ISBN 978-0-19-087549-7..
- Yang, C.K.. (1961). Religion in Chinese Society; a Study of Contemporary Social Functions of Religion and Some of Their Historical Factors. Berkeley: University of California Press ISBN 978-0-520-01371-1..
- Yao Xinzhong. (2000). An Introduction to Confucianism. Cambridge University Press ISBN [[Special:BookSources/978-0-521-64312-2[8]|978-0-521-64312-2[8]]]..
- Zhou Youguang. (2012). «To Inherit the Ancient Teachings of Confucius and Mencius and Establish Modern Confucianism» Sino-Platonic Papers: 226. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2022-10-10[9]).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- [1]
- (Frantsesez):"Txina Konfuzianismoaren arabera" dokumentala Youtuben.
- (Gaztelaniaz):"Zer da konfuzianismoa zortzi minututan".