Karlos Santiago
| Karlos Santiago | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Irun, 1957ko azaroaren 4a |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Carlit, 2025eko abuztuaren 21a (67 urte) |
| Hezkuntza | |
| Heziketa | Euskal Herriko Unibertsitatea |
| Hizkuntzak | euskara gaztelania |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | unibertsitateko irakaslea |
| Enplegatzailea(k) | Tantirumairu Ikastola (1982 - 1988) Euskal Herriko Unibertsitatea (1988 - 2017) |
Karlos Santiago Etxeberria (Irun, Gipuzkoa, 1957ko azaroaren 4a - Carlit mendia, Cerdanya, 2025eko abuztuaren 21a) gipuzkoar pedagogoa eta hezkuntzaren ikertzailea izan da. Euskal Herriko Unibertsitateko eta Lesakako Tantirumairu ikastolako irakaslea izan zen.[1][2]
Irungo Mendizaleak Elkarteko kidea zen. Lesakan bizi izan zen urteetan hainbat elkarte eta mugimendutan militatu zuen. Besteak beste, udaletxean zinegotzi izan zen eta oroimen historikoaren esparruan ere aritzu zen, Bidasoaldeko Kepa Ordoki elkartean parte hartzen zuen.[2][3]
Hezkuntzaren alorreko ikertzailea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Filosofia eta Hezkuntza Zientziak lizentziatura ikasi zuen EHUn. 1982tik 1988ra bitarte irakasle aritu zen Lesakako Tantirumairu ikastolan eta gero EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean aritu zen irakasle gisa 2017ra arte, erretiroa hartu zuen arte. Aditua zen hezkuntzaren ikerkuntzan, batez ere eskola errendimenduarekin eta programen eta ikastetxeen ebaluazioarekin lotutako gaietan.[2]
1994an EHUn bertan aurkeztu zuen bere doktorego tesia, zuzendaria Iñaki Dendaluce Segurola irakaslea izan zela. Izenburua hau izan zen: "Ikasteko estrategiak eta testu eskolarrak: eskuhartze programa".[4][5] Hezkuntzan arduratzen direnek maiz egiten dituzten galdera hauentzako erantzunak topatzen saiatu ziren tesi-lan horretan: Zer dira ikaste-estrategiak? Nola begiesten dira ikaste-estrategiak adituen aldetik? Eraginkorrak al dira? Nola lan daitezke ikaste-estrategiak eskolan? Benetan pena merezi al du eskola-curriculumean txertatzea? [6]
Karlos Santiago HEPE ikertaldeko kidea izan zen (HEzkuntza Programen Ebaluazioa)[7] eta Tantak Aldizkariaren zuzendaria izan zen 15 urtez. Hezkuntzako gaiak lantzen dituen EHUko aldizkari zientifiko hori 1989an jaio zen, UPV/EHUko Irakasleen Unibertsitate Eskoletako eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle talde baten ekimenez. Aldizkariaren ohiko gaiak Hezkuntzaren eta Pedagogiaren arazo orokorrak izaten dira, baina didaktika espezifikoen gaineko ikerlanak ere ageri dira, bai eta euskararen, elebitasunaren zein eleaniztasunaren inguruko lan esanguratsuak ere.[8][9][10]
| « | Urteak pasata tesian hitz hauek idatzi nuela ikusi dut: “…gure ikasleak (unibertsitatekoak) nola ikasten dutenaz ez naiz gehiegi kezkatzen; helduak dira eta ikasteko baliabide egokiak dituztela suposatzen dut…”
Ba… gaizki suposatu nuen. Unibertsitateko irakasleek arduratu beharko genuke horretaz. Ikasleek ikasteko dituzten estrategiak egokiak direla ezin da ziurtzat eman, eta askotan iruditzen zait gutxi dakigula horri buruz. Unibertsitateko formazioan erronka handiak daude. Horietako bat, agian garrantzitsuenetakoa, gure ikasleak lortu behar dituzten gaitasunen bereganapenean nola lagundu, zein baliabideak eskaini gaitasun horietara iristeko. Ikaste-estrategien gaiarekin berriro topo egin dugu. Gaiari heltzeko aukera berria sortu zaigu. Gure esku dago. |
» |
—Karlos Santiago[6] | ||
- Hezkuntza-sistemaren ikertzailea
-
Eleaniztasunerako programa baten ebaluazioa.
-
Eskola-eraginkortasuna. Sarrera-azterketak unibertsitatean.
-
Guraso-elkarteen lana.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, berak egindako 42 ekarpen azaltzen dira euskaraz. Horien artean aipagarri dira bi liburu hauek:[11]
- Ikasteko estrategiak eta testu eskolarrak: eskuhartze programa. (EHU, 1994)
- Hezkuntza-ebaluazioa. Jose Francisco Lukas Mujika-rekin batera. (EHU, 2016)
EHUren ekoizpen zientifikoaren webgunean guztira Karlos Santiagoren 60 ekarpen agertzen dira. Horien artean aipagarri dira beste zortzi liburu hauek:[1]
- Los procesos de cambio de las políticas públicas sobre orientación y apoyo a la escuela: Análisis comparado de sistemas vigentes y emergentes: estudio múltiple de casos en una muestra de Comunidades Autónomas. (Madril : Ministerio de Educación, Instituto de Formación del Profesorado, Investigación e Innovación educativa (IFIIE), 2011.)
- El diseño de política públicas sobre orientación y apoyo a la escuela: análisis comparado en las Comunidades Autónomas que modificaron el sistema L.O.G.S.E: memoria de investigación. 2008ko urtarrila - Enero 2009 (Madril : Centro de Investigación y Documentación Educativa, 2009)
- Evaluación educativa. Madril, Alianza Editorial, D.L. 2009
- Convivencia y Conflictos en los Centros Educativos. Beste hauekin batera: Martín,E., Lukas,J.F. , eta Marchesi,A. (Gasteiz: Ararteko,2006)
- Evaluación educativa. (Alianza, 2004)
- Hezkuntza ikerkuntzarako Lexikoa. Beste hauekin batera: Lukas,J.F., Oihartzabal,L. & Pikabea,I. (Donostia:Erein, 2001)
- Percepción de la reforma educativa: informe sobre la implantación del primer ciclo de la ESO en la Comunidad Autónoma Vasca. (Argitalpen Zerbitzua)
- Ikasteko estrategiak eta testu eskolarrak: eskuhartze programa. (Donostia : Euskal Herriko Unibertsitatea, Argitarapen Zerbitzua, D.L. 1995.)
Mendizalea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Irungo Mendizaleak Elkarteko kidea izan zen urteetan, zuzendaritzako lanetan parte hartzen zuen eta irteerak antolatzen. Bera eta Kontxi aspalditik mendizale federatuak ziren. Seimilakoak egiten ohituta zeuden, eta planetako mendikate nagusietan ibili ziren: Himalaia, Alpeak, Andeak, Pirinioak, Europako mendiak...[12]
Emaztearekin batera Carlit mendia igo zuen (Cerdanya, Herrialde Katalanak) 2025eko abuztuaren 21ean; handik jaisten ari zirela irrist egin zuen eta aldapan behera erori; behe lainoak zaildu egiten zuen ezer ikustea, eta zorua labainkor zegoen, langarraren ondorioz.[2][13]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Karlos Santiago Etxeberria ikertzailearen ekoizpen zientifikoa 1993-2017 tartean. Euskal Herriko Unibertsitatea.
- ↑ a b c d Orzaiz, Ion. (2025-08-22). «Irungo mendizale bat hil da, Pirinioetan amilduta» Berria (kontsulta data: 2025-08-23).
- ↑ «Lesakako herriarekin harreman handia zuen mendizale bat hil da Pirinioetan - Bortziriak» Erran.eus (kontsulta data: 2025-08-23).
- ↑ Etxeberria, Karlos Santiago. (1994). Ikasteko estrategiak eta testu eskolarrak: eskuhartze programa. UPV/EHU ISBN 978-84-8438-191-4. (kontsulta data: 2025-08-23).
- ↑ Santiago Etxeberria, Karlos. (1994). Ikasteko estrategiak eta testu eskolarrak: eskuhartze programa. UPV/EHU ISBN 978-84-8438-191-4. (kontsulta data: 2025-08-23).
- ↑ a b Santiago Etxeberria, Karlos. Ikasteko estrategiak eta testu eskolarrak. Eskuhartze programa. UPV-EHU. Tesiker. Eusko Jaurlaritza..
- ↑ «HEzkuntza Programen Ebaluazioa | Ikerketa taldeak - Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea» ekoizpen-zientifikoa.ehu.eus (kontsulta data: 2025-09-08).
- ↑ «Tantak, UPV/EHUren hezkuntza aldizkariak, zuzendari berria du» Campusa (kontsulta data: 2025-09-08).
- ↑ «Tantak: Euskal Herriko Unibertsitateko hezkuntza aldizkaria» Dialnet (kontsulta data: 2025-09-08).
- ↑ «Aldizkariari buruz | Tantak. Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza Aldizkaria» ojs.ehu.eus (kontsulta data: 2025-09-08).
- ↑ Santiago Etxeberria, Karlos. (2025). «Inguma - Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea» www.inguma.eus (kontsulta data: 2025-08-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) Ortiz de Guinea, Oskar. (2025-08-23). ««Karlos era un montañero muy experimentado; ha sido muy mala suerte»» El Diario Vasco (kontsulta data: 2025-08-23).
- ↑ «[ARGAZKIAK Azken agurra egin diote Karlos Santiagori Agiñan - Bortziriak»] Erran.eus (kontsulta data: 2025-09-15).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Karlos Santiagoren argitalpenak eta proiektuak EHUren ekoizpen zientifikoaren webgunean .
- Karlos Santiagoren curriculum laburtu bat EHUko webgunean.
- Karlos Santiago Etxeberria Inguma Datu basean (2 liburu, 20 artikulu, 13 kapitulu edo ponentzia)