Karin Ek
| Karin Ek | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Eduvigis Leonor parrokia, 1885eko ekainaren 17a |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Vasa parish (en) |
| Hobiratze lekua | Östra kyrkogården (en) |
| Heriotza modua | berezko heriotza: bularreko minbizia |
| Familia | |
| Ezkontidea(k) | Sverker Ek (en) |
| Seme-alabak | ikusi
|
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | suediera |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | olerkaria, literatura historialaria eta idazlea |
Karin Valborg Ek (jaiotzez Lindblad; Stockholm, 1885eko ekainaren 17a – Göteborg, 1926ko urriaren 1a) suediar idazlea izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Karin Lindblad 1885ean jaio zen Stockholmen. Bere gurasoak Anders Lindblad suediar medikua, eta haren emazte Florence Farish ingelesa ziren. Stockholmgo Anna Sandström Irakasleen Prestakuntza Eskolan graduatu zen, non Harriet Löwenhjelm margolari eta poetarekin, Honorine Hermelin feministarekin eta Elsa Björkman-Goldschmidt artista eta idazlearekin batera ikasi zuen.[1] Ezkondu aurretik, Pär Lagerkvist idazlearekin eta gero David Edström suediar-estatubatuar eskultorearekin harremanean egon zen.[2]
1904an, ama minbiziak jota hil zitzaionean, bere lehen poema bilduma argitaratu zuen, Dicter. 1907an, irakasle titulua jaso zuen eta suediera, historia eta kristau-ikasbidea irakasten hasi zen Karlshamneko nesken eskola batean. 1909an, Sverker Ek literatura historialari eta irakaslearekin ezkondu zen. Senar-emazteak Göteborgen kokatu ziren eta bost seme-alaba izan zituzten[1][3], haietako bat Anders Ek aktorea izanik.[2] Hala ere, Karinek bere jaioterrira itzultzeko gogoa zuen, eta 1915ean Fredmansgestalten prosa bilduma idatzi zuen, Stockholmi omenaldi moduko bat.[1]
1918an argitaratu zen Karin Eken eleberri bakarra, Gränsen, Agnes gaztearen istorioa kontatzen duena. Protagonistak maitasunarekin amesten du eta, aldi berean, beldurra du. Karin Eken poesian bezala, bere prosan ere maitasunaren eta naturaren gaiak oso lotuta daude. Gainera, eleberria herrialde eta aro ezberdinetako idazlanetako aipuez beteta dago, eta horrek idazlearen jakintza zabala erakusten du.[1][2]
Poesia eta fikziozko prosaz gain, saiakerak ere idatzi zituen eta Albert Bonnierrek 1921ean argitaratutako Suediako poesiaren antologia bat osatu zuen: Ur Svenska Dikten, hiru liburuki eta mila orrialde inguru dituena. Ez zituen poemak kronologikoki antolatu, baizik eta tematikoki, eta hori geroago kritikariek goraipatu zuten.[1]
Gaztetatik, minbiziak jota zegoen. 1925ean, bere azken poema bilduma argitaratu zuen, Död och Liv, gaixotasunaren aurkako borrokari eskainia. Stockholmen hainbat urtez tratamendua jaso ondoren, 1926an hil zen, 41 urte zituela, eta Göteborgeko Ekialdeko hilerrian hobiratuta dago.[1]
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Dikter (1904)
- Den kostbara hvilan : dikter (1914)
- Fredmansgestalten : en studie (1915)
- Gränsen : en historia (1918 eta 2016)
- Ur svenska dikten : antologi (hiru liburukitan, 1921)
- Idyll och elegi (1922)
- Död och liv (1925)
- Snart djupnar ljusa kvällen till violblå natt (1994)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f (Ingelesez) Brügge, Anne. «Karin Valborg Ek» Svenskt kvinnobiografiskt lexikon 2018-03-08 (kontsulta data: 2025-12-17).
- ↑ a b c (Suedieraz) «Vem var Karin Ek?» Stadsbiblioteket Göteborg 2017-10-09 (kontsulta data: 2025-12-17).
- ↑ (Ingelesez) «Karin Valborg Ek» Nordic Women's Literature (kontsulta data: 2025-12-17).