Dartmouth College
Dartmouth College (euskaraz: «Dartmouth Ikastetxea») Hanover hirian (New Hampshire, Ameriketako Estatu Batuak) kokatuta dagoen unibertsitate pribatua da. AEBetako hogei unibertsitate nagusien artean dago eta Ivy League taldeko kide da. Bere medikuntza, ekonomia eta ingeniaritza eskolengatik ezaguna da. Unibertsitateko kirol taldeak, Dartmouth Big Green deituak, NCAAk antolatutako unibertsitate lehiaketetan parte hartzen du. Unibertsitatea 1769an eratu zen, Amerikako Iraultza baino lehenago, eta ospe handia lortu zuen XX. mendean.
Izaera erlijiosoa eta kolonialista zuen hasieran, indigenei teologia kristaua eta estatubatuarren bizimodua irakasteko sortu baitzen. Ondoren, apaiz protestanteak trebatzera pasa zen, eta geroago sekularizatu egin zen. Gaur egun, unibertsitatean ikerketa asko egiten da, baina garrantzia handiena graduko ikasketei ematen zaie: horregatik du college izenean ("graduko ikasketak soilik, edo bereziki, eskaintzen dituen ikastetxea").
Dartmouthek arte liberalen hezkuntza irakasten du eta 40 sail akademiko eta diziplinarteko programa ditu. 60 gradu ezberdin eskaintzen ditu giza eta gizarte zientzietan, natura-zientzietan eta ingeniaritzan; gainera, ikasleek aukera dute euren gradu pertsonalizatua sortzeko edo gradu bikoitzak egiteko.[1] Graduko Letren eta Zientzien Fakultateaz gain, unibertsitateak graduondoko lau fakultate ditu: Geisel Medikuntza Eskola, Thayer Ingenieritza Eskola, Tuck Enpresa Eskola eta Guarini Graduondoko eta Ikasketa Aurreratuen Eskola. Unibertsitateak hitzarmena du Dartmouth-Hitchcock Ospitalearekin. Unibertsitatean daude Rockefeller Politika Publikoko eta Gizarte Zientzien Zentroa, Hood Artearen Museoa, John Sloan Dickey Nazioarteko Ulermenerako Zentroa eta Hopkins Arteetarako Zentroa. 6.700 bat ikasle ditu guztira: Ivy Leagueko unibertsitate txikiena da. Ezaguna da graduko ikasketetarako sarbide-prozesu selektiboagatik: 2024. urtean, izena eman zuten ikasleen % 5,3k soilik lortu zuen sarbidea.[2]
Campus nagusia Connecticut ibaitik gertu dago, Ingalaterra Berrian.[3] Graduko ikasketez gain, unibertsitatea ezaguna da bertako tradizioengatik, fraternitateengatik eta sororitateengatik. 34 kirol talde ditu, NCAAko lehen mailan parte hartzen dutenak eta Ivy Leagueko beste unibertsitateen aurka lehiatzen direnak. Ikasle ohi ezagun asko ditu unibertsitateak: Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuko 170 kide, Estatu Batuetako 25 gobernadore, 3 Nobel saridun, 2 Gorte Goreneko epaile eta presidenteorde bat.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Webgune ofiziala
| Artikulu hau hezkuntzari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |
- ↑ (Ingelesez) «Departments and Programs | Dartmouth» home.dartmouth.edu (kontsulta data: 2026-03-02).
- ↑ (Ingelesez) «Class of 2028 Draws Record Number of Applicants | Dartmouth» home.dartmouth.edu 2024-03-29 (kontsulta data: 2026-03-02).
- ↑ (Ingelesez) «You'll Love Being Surrounded by Nature | Dartmouth» home.dartmouth.edu (kontsulta data: 2026-03-02).