Edukira joan

Britpop

Wikipedia, Entziklopedia askea
"Oasis" taldeko Noel Gallagher eta Liam Gallagher anaiak zuzeneko emanaldi batean.

Britpop 1990eko hamarkadaren hasieran Erresuma Batuan sortu zen rock alternatiboaren azpigenero bat izan zen. Bere ezaugarriak honakoak ziren: doinuen goxotasuna, abestien sotiltasuna, eta 1960ko hamarkada eta 1970eko hamarkadako musika taldeen eraginak izatea, adibidez, The Beatles eta The Kinks.

1990eko hamarkada AEBetan grunge musika pil-pilean zegoen bitartean, Erresuma Batuan britpoa nagusi izan zen. Jada, hamarkadaren bigarren erdialdean bi azpigeneroek gainbehera bizi izan zuten.

Azpigenero honetako bi talde nagusiak Oasis eta Blur izan ziren, bien arteko lehia bere garaian Beatles eta Stones taldeek izan zuten mailara iritsi zen, bi taldeen arteko hika-mikak eta azpigenero honetako zaleen banaketak ere eman zirelarik. Horiekin batera, "the big four" osatzen zuten Suedek eta Pulpek. Geografikoki, Ingalaterrako iparraldekoak dira Oasis (Manchester) eta Pulp (Sheffield), eta hegoaldeak Blur (Essex) eta Suede (Londres).

Beste talde nabarmen batzuk hauek izan ziren: Ocean Colour Scene, Radiohead, Elastica, The Verve, Delirious?, Supergrass, Keane eta Sleeper.

Politikoki, Ekialdeko Blokearen amaierak, Berlingo harresiaren erorketak eta Margaret Thatcherren agintaldiaren bukaerak markatu zuten garai hau. Oso lotuta egon zen mugimendua alderdi laboristarekin eta Tony Blair lehen ministroarekin.

Estetikoki, Damien Hirst ("The Physical Impossibility of Death in the Mind of Someone Living", 1991) artista minimalista eta kitsch-a egon zen hastapen hauen atzean, izpiritu cool eta hedonista-ren bultzatzaile moduan ("Cool Britannia”). Union Jack bandera behin eta berriz erabili zuten, halaber.

Bestela, Camden Town (Londres Handia) nolabaiteko epizentroa izan zen. Food Records eta Nude Records izeneko disko zigilu independenteak garrantzitsuak honen guztiaren sorreran izan ziren.

Gainbeheran, bestea beste, Spice Girls taldearen agerpena egon zen, oso bestelako proposamenekin.

Aurreko hamarkadatik zetorrena, The Smiths buru, eta haien hiri beretik zetozen "Madchester" eszenako bandak aurrekari modukotzat har daitezke: The Stone Roses, Happy Mondays eta Inspiral Carpets. Liverpooleko The La's taldearen abestia "There She Goes" hartu zuen "Rolling Stone" aldizkariak Britpop-aren sorreraren zati gakotzat. Primal Scream (Glasgow) ere aipatzekoa da.

Albumik nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
"Blur" taldea Wembley estadioan 2023n.
  • "Definitely Maybe" eta "(What's the Story) Morning Glory?" (Oasis).
  • "Parklife", "Modern Life is Rubbish" eta "The Great Escape" (Blur).
  • "His 'n' Hers", "Different Class" eta "This is Hardcore" (Pulp).
  • "Suede" (Suede).
  • "Elastica" (Elastica).
  • "I Should Coco" (Supergrass).
  • "OK Computer" (Radiohead).
  • "Urban Hymns" (The Verve).

Guztien gainetik Coldplay, Londonetik, eta haiekin batera Kaiser Chiefs (Leeds), Travis (Glasgow) eta Stereophonics (Gales) bereziki nabarmendu dira ondorengo hamarkadetan.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]