Alfred Nobel
Alfred Bernhard Nobel (Stockholm, Suedia, 1833ko urriaren 21a - Sanremo, Italia, 1896ko abenduaren 10a) kimikaria, asmatzailea eta ingeniaria, dinamita asmatu zuen. Bofors arma konpainiaren jabea izan zen, eta dirutza handia egitea lortu zuen bizitzan zehar. Horretaz gain, Nobel sarien sortzailea izateagatik ospetsua da.[1]
350 asmakizun baino gehiago patentatu zituen; famatuena dinamita da, 1867an asmatua. Nitroglizerinaren ezegonkortasunak heriotza asko eragiten zituenez, adreilu area gehituz egonkortu egin zuen. Ordutik aurrera, lehergailuak egiten hasi zen eta horrekin dirutza handia irabazi zuen.
1895eko azaroaren 27an Parisko Suediar-Norvegiar Klubean [2] sinatutako testamentuan bere aberastasunaren parte batekin diru gordekin bat sortuko zen urtero fisika, kimika, medikuntza eta bakearen arloan ekarpen adierazgarriak egindako pertsonei diru-sari bat emateko.[3]
Bere Sanremoko etxean zegoen, bihotza gelditu zitzaionean, heriotza eraginez. Haren borondatea errespetatuz, Nobel Sariak ematen dituzte urtero, haren heriotzaren urteurrenean, 1901etik.[4]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaztaroa eta hezkuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alfred Nobel Immanuel Nobel asmatzaile eta ingeniariaren, eta Andriette Ahlsellen hirugarren semea zen.[5] Bikotea 1827an ezkondu zen eta zortzi seme-alaba izan zituzten. Familia pobrea zen, eta Alfred eta bere hiru anaiak soilik iraun zuten bizirik haurtzarotik harago.[6] Aitaren aldetik, Alfred Nobel Olaus Rudbeck zientzialari suediarren ondorengoa zen.[7] Immanuel Nobel Stockholmeko Teknologia Errege Institutuan ingeniaritza ikasi ondoren asmatzailea izan zen, zubiak eta eraikinak jaso zituena eta arrokak lehertzeko modu desberdinekin esperimentatu zuena. Alfred semeari gaztea zenetik animatu eta irakatsi zion.[5]
Eraikuntza-materialen gabarra batzuen galerak eragindako hainbat negozioetan aritu ostean, Immanuel Nobel porrot egitera behartuta egon zen. Ondorioz Errusiar Inperioaren parte zen San Petersburgora joan zen bizitzera, eta han arrakasta izan zuen makina-erreminta eta lehergaien fabrikatzaile gisa. Xafla-tornua asmatu zuen, eta horri esker, kontratxapatu modernoaren ekoizpena posible egin zuen, eta ondoren meategian lanean hasi zen.[8] 1842an, familia hirira batu zitzaion. Honez gero aberatsak zirenez, Alfred Nobel tutore pribatuengana bidali ahal izan zuten, eta mutila ikasketetan bikain aritu zen, batez ere kimikan eta hizkuntzetan, ingelesez, frantsesez, alemanez eta errusieraz ondo moldatuz. Hemezortzi hilabetez, Alfred Nobelek Stockholmeko Jacobs Apologetika Eskolan ikasi zuen, bere eskolatze bakarra izanik, ez baitzen inoiz unibertsitatera joan.[9]
Alfred Nobelek suediera, ingelesa eta italiera ere ikasi zituen. Ingelesez poesia idazteko nahikoa literatura trebetasun garatu zuen. Bere "Nemesis" antzerkia Beatrice Cenci italiar nobleari buruzko lau ekitaldiko prosa-tragedia bat da. Hiltzen ari zela inprimatu zen, baina hil ondoren berehala suntsitu zuten guztia, hiru ale izan ezik, lana eskandaluzkoa eta blasfemotzat jo baitzen. 2003an argitaratu zen Suedian, eta eslovenierara, frantsesera, italierara zein gaztelaniara itzuli da.[10]
Zientzia-ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gaztetan, Alfred Nobelek Nikolai Zinin kimikariarekin ikasi zuen; gero, 1850ean, Parisera joan zen lana aurrera eramateko. Han ezagutu zuen Ascanio Sobrero, hiru urte lehenago nitroglizerina sintetizatu zuena. Sobrerok gogor egin zion aurka nitroglizerinaren erabilerari, aurreikusezina zelako, eta bero edo presio aldakorren eraginpean lehertzen zelako. Baina Nobel interesatu egin zen nitroglizerina lehergailu komertzial gisa kontrolatu eta erabiltzeko modu bat aurkitzek, bolbora baino askoz potentzia handiagoa zuelako. 1851n, 18 urte zituela, Estatu Batuetara joan zen urtebetez ikastera,[11] denbora labur batez Gerra Zibileko USS Monitor itsasontzi blindatua diseinatu zuen John Ericsson asmatzaile suediar-estatubatuarrekin lanean aritzeko. Nobelek bere lehen patentea aurkeztu zuen 1857an, gas-neurgailu baten patente ingelesa, eta 1863an bere lehen patente suediarra, "bolbora prestatzeko moduei" buruzkoa.[12] Familiaren fabrikak Krimeako Gerrarako (1853–1856) armak ekoizten zituen, baina borrokak amaitu eta porrot egin zutenean zailtasunak izan zituen ohiko barne-ekoizpenera itzultzeko. 1859an, Immanuel Nobel aitak bere fabrika bigarren semearen, Ludvig Nobelen zaintzapean utzi zuen, eta hark negozioa asko hobetu zuen. Nobel familia Errusiatik Suediara itzuli ziren, eta Alfred Nobelek lehergaien ikerketari eman zion arreta, eta batez ere nitroglizerinaren fabrikazio eta erabilera seguruari. Horrela, 1863an detonagailu bat asmatu ondoren, 1865ean lehergailu-kapsula bat diseinatu zuen.[5]
1864ko irailaren 3an, nitroglizerina prestatzeko erabiltzen zen estalpe bat lehertu zen Helenesburgh-eko (Suedia) fabrikan, eta bost pertsona hil ziren,Alfred Nobelen Emil anaia gaztea tartean.[13] Ondoren, lehergailuak ekoizteko lizentzia kendu zioten.[14] Istripuak txundituta, Nobelek Nitroglycerin AB enpresa sortu zuen Vintervikenen, eremu isolatuago batean lanean jarraitu ahal izateko.[15] Nobelek dinamita asmatu zuen 1867an, nitroglizerina ezegonkorra baino maneiatzeko errazagoa eta seguruagoa zen substantzia bat . Dinamita patentatu zuen AEBn eta Erresuma Batuan, eta asko erabili zen meatzaritzan eta nazioarteko garraio sareen eraikuntzan. 1875ean, Nobelek gelignita asmatu zuen, dinamita baino egonkorragoa eta indartsuagoa, eta 1887an, balistita patentatu zuen, korditaren aurrekoa.[5]

Nobel Suediako Zientzien Errege Akademiako kide hautatu zuten 1884an, geroago bi Nobel sarietarako saridunak hautatuko zituen erakunde berberean, eta Uppsalako Unibertsitateak ohorezko doktoregoa eman zio 1893an. Nobelen bi anaiak, Ludvig eta Robertek, Branobel petrolio-enpresa sortu zuten eta izugarri aberastu ziren beren kabuz. Nobelek enpresan inbertitu zuen, eta aberastasun handia pilatu zuen petrolio-eskualde berri horien garapenaren bidez. Batez ere Azerbaijango Bakunen jarduten zuen, baina baita Turkmenistango Chelekenen . Bere bizitzan zehar, Nobeli 355 patente eman zizkioten nazioartean, eta hil zenerako 90 lehergailu eta arma fabrika baino gehiago sortu zituen, itxuraz bakezalea izan arren.[16]
Asmakizunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nobelek aurkitu zuen nitroglizerina kieselguhr (diatoma lurra) bezalako substantzia geldo xurgatzaile batean sartzen zenean, seguruagoa eta erosoagoa zela maneiatzeko, eta nahasketa hori 1867an patentatu zuen "Dinamita" izenarekin.[5] Nobelek urte hartan bere lehergailua lehen aldiz erakutsi zuen Redhill-eko (Surrey, Ingalaterra) harrobi batean. Bere izena berreskuratzeko eta negozioaren irudia lehergailu arriskutsuekin lotutako lehenagoko eztabaidetan hobetzeko, Nobelek substantzia oso indartsuari "Nobel's Safety Powder" izena jartzea ere pentsatu zuen, bere patentean erabilitako testua zena, baina azkenen Dinamita izena jarri zion, "boterea" (δύναμις) hitz grekoari erreferentzia eginez.[17]
Geroago, Nobelek nitroglizerina hainbat nitrozelulosa konposaturekin konbinatu zuen, kolodioiaren antzera, baina beste nitrato lehergailu bat konbinatzen zuen errezeta eraginkorrago bat aukeratuz, eta substantzia garden eta gelatinatsu bat lortu zuen, dinamita baino lehergailu indartsuagoa zena: "Gelignita", edo leherketa-gelatina, eta 1876an patentatu zuen. Antzeko konbinazio ugari etorri ziren ondoren, potasio nitratoa eta beste hainbat substantzia gehituz aldatuz.[5] Gelignita egonkorragoa, indartsuagoa, garraiagarriagoa eta errazagoa zen zuloetan sartzeko, zulaketa eta meatzaritzan erabiltzen zirenak bezala, lehenago erabilitako konposatuak baino. "Ingeniaritza Aroan", meatzaritzako teknologia estandar gisa hartu zen, eta horrek arrakasta ekonomiko handia ekarri zion Nobeli, nahiz eta bere osasunarentzat kaltegarria izan. Ikerketa honen ondorioetako bat Nobelek balistita asmatzea izan zen, kerik gabeko hauts lehergailu moderno askoren aitzindaria, eta oraindik ere suziri-propultsatzaile gisa erabiltzen dena.[18]
Nobel Saria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nobel sariaren jatorriari buruzko istorio ezagun bat dago, nahiz eta historialariek ezin izan duten egiaztatu, eta batzuek istorioa mito gisa baztertzen duten arren.[19] 1888an, Ludvig anaiaren heriotzak Alfreden obituarioak oker argitaratzea eragin omen zuen hainbat egunkarik. Frantziako egunkari batek lehergailu militarren asmakuntzagatik gaitzetsi zuen —istorioaren bertsio askotan, dinamita aipatzen da, nahiz eta hau batez ere aplikazio zibiletarako erabili zen— eta horrek eragin omen zuen heriotzaren ondoren ondare hobea uzteko erabakia hartzea. Heriotza-oharrak zioen: "Heriotzaren merkataria hil da" (Le marchand de la mort est mort),eta honela jarraitzen zuen: "Alfred Nobel doktorea, inoiz baino azkarrago jende gehiago hiltzeko moduak aurkituz aberastu zena, atzo hil zen".[20] Nobelek heriotza-oharra irakurri zuen eta izututa geratu zen horrela gogoratuko zutelako ideiarekin. Bere aberastasunaren gehiengoa hil ondoren Nobel Saria sortzeko ematea erabakia zuen. Hala ere, zalantzan jarri da aipatutako heriotza-oharra benetan existitu zen ala ez.[21]
1895eko azaroaren 27an, Pariseko Suedia-Norvegia Klubean, Nobelek bere azken testamentua sinatu zuen eta bere ondarearen zatirik handiena gorde zuen Nobel Sariak ezartzeko, urtero nazionalitate bereizketarik gabe emango zirenak. Zergak eta norbanakoei utzitako ondareak ordaindu ondoren, Nobelen testamentuak bere aktibo guztien % 94, 31.225.000 suediar koroa erabili zituen bost Nobel Sari ezartzeko. 2022rako, Nobel Fundazioak 6.000 milioi koroa suediarreko kapitala inbertituta zuen.[22][23]
Sari hauetatik lehenengo hirurak zientzia fisikoan, kimikan eta medikuntzan edo fisiologian nabarmentzeagatik ematen dira; laugarrena "norabide idealean" egindako lan literarioarentzat da, eta bosgarren saria nazioarteko anaitasunaren kausari, armada iraunkorrak zapaltzeko edo murrizteko, edo bake kongresuak ezartzeko edo sustatzeko zerbitzurik handiena egiten dion pertsonari edo gizarteari emango zaio.[5]
"Norabide idealean" dagoen lan batengatik (suedieraz "i idealisk riktning") ematen den literatura sariaren formulazioa kriptikoa da, eta nahasmen handia eragin du. Urte askotan, Suediako Akademiak "ideala" "idealista" (idealistisk) bezala interpretatu zuen, eta arrazoi gisa erabili zuen saria ez emateko Henrik Ibsen eta Lev Tolstoi bezalako egile garrantzitsuei Interpretazio hau geroztik berrikusi da, eta saria, adibidez, Dario Fo eta José Saramagori eman zaie, azken hauek ere ez izan arren idealismo literarioaren esparrukoak.[24]
Zientzia fisikoen eta kimikaren sariak erabakitzeko izendatutako erakundeek interpretaziorako tartea zuten, testamentua egin aurretik ez baitzituen kontsultatu. Orrialde bateko testamentuan, dirua zientzia fisikoetako aurkikuntza edo asmakizunetara eta kimikako aurkikuntza edo hobekuntzetara bideratuko zela zehaztu zuen. Sari teknologikoei atea ireki zien, baina ez zuen zientziaren eta teknologiaren arteko bereizketa nola kudeatu behar zen argibiderik utzi. Aukeratutako erabaki-organoak lehenengoaz gehiago arduratzen zirenez, sariak zientzialariei eman zitzaizkien ingeniariei, teknikariei edo beste asmatzaile batzuei baino maizago.[25]
Suediako banku zentralak, Sveriges Riksbank-ek, bere 300. urteurrena ospatu zuen 1968an Nobel Fundazioari diru kopuru handia emanez, Alfred Nobelen omenez ekonomia arloko seigarren sari bat sortzeko. 2001ean, Alfred Nobelen birbilobak, Peter Nobelek (1931n jaioa), Suediako Bankuari eskatu zion "Alfred Nobelen oroimenez" ematen den ekonomialariei ematen zaien saria beste bost sarietatik bereizteko. Eskari honek areagotu egin zuen Alfred Nobelen oroimenez ematen den Suediako Bankuko Zientzietako Ekonomia Saria benetan "Nobel Sari" zilegi bat den ala ez erabakitzeko eztabaida.[26][27]
Osasun arazoak eta heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bere maitale Hess-i idatzitako gutunetan, Nobelek etengabeko mina, migrainak eta neke "paralizatzailea" deskribatu zituen, eta horrek fibromialgia zuela pentsarazi zien batzuei. Hala ere, garai hartan zituen kezkak hipokondriatzat hartu ziren, eta horrek depresio gehiago eragin zion.[28]
1895erako, Nobelek angina pectoris garatu zuen. 1895eko azaroaren 27an bere testamentua amaitu zuen, aberastasun gehiena fidantzapean utziz, familiak jakin gabe, Nobel sariak finantzatzeko.[29]
1896ko abenduaren 10ean, iktus/garuneko hemorragia bat izan zuen eta partzialki paralizatuta geratu ondoren, hil egin zen, 63 urte zituela. Stockholmeko Norra begravningsplatsen-en lurperatuta dago.[30]
Lehergailuekin egindako esperimentuetan, lan ohitura nekagarrietan eta 1870eko hamarkadaren amaieran bere osasunaren gainbeheran oinarrituta, batzuek hipotesi bat dute: nitroglizerina pozoitsua izan zela bere heriotzaren eragilea.[31]
Bizitza pertsonala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erlijioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nobel luteranoa zen, eta Parisen bizi izan zen urteetan aita Nathan Söderblomek zuzendutako Suediako Atzerrian dagoen Elizara joaten zen aldizka. Söderblomek 1930ean Bakearen Nobel Saria jaso zuen. Gaztetan agnostikoa zen eta bizitzaren amaiera aldera ateo bihurtu zen, nahiz eta oraindik ere eskuzabaltasunez eman zion dirua Elizari.[32]
Harreman erromantikoak eta nortasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nobel pertsonaia bakartia izaten jarraitu zuen, depresio garaietan murgilduta. Ez zen inoiz ezkondu, nahiz eta bere biografoek gutxienez hiru maitasun izan zituela dioten. Bere lehen maitasuna Errusian izan zen, Alexandra izeneko neska batekin, eta honek ezkontza proposamena ukatu zion.[33]

Bigarren amodioa 1876an Bertha von Suttner kondesa austro-bohemioa bere idazkari bihurtu zenean izan zuen, baina egonaldi labur baten ondoren Nobel utzi zuen, bere aurreko maitalea zen Arthur Gundaccar von Suttner baroiarekin ezkontzeko. Nobelekin izandako harremana laburra izan arren, gutunak idazten zion 1896an hil zen arte, eta ziurrenik eragina izan zuen Bakearen Nobel Saria bere testamentuan sartzeko erabakian.[34] 1905eko Bakearen Nobel Saria eman zioten "bere bake jarduera zintzoengatik".[35]
Nobelen amodiozko harremanik luzeena 18 urtekoa izan zen, Celjeko Sofija Hessekin. Hess 1876an ezagutu zuen Baden bei Wien-en, bezero aberatsei zerbitzua ematen zien lore-denda batean lan egiten zuenean. Bien arteko harremanaren hedadura Nobelek Hess-i 15 urtetan zehar bidalitako 221 gutunen bilduma batek agerian utzi zuen. Ezagutu zirenean, Nobelek 43 urte zituen eta Hessek 26. Haien harremana, soilik platonikoa ez zena, beste gizon batekin haurdun geratu zenean amaitu zen, nahiz eta Nobelek ekonomikoki laguntzen jarraitu zion Hessek bere haurraren aitarekin ezkondu zen arte, emagaldu gisa baztertua izan ez zedin. Hess judu-kristaua zen, eta gutunek Nobelen antisemitismo gisa sailkatutako adierazpenak dituzte.[36] Nobelek txaubinismoaren ezaugarriak ere erakutsi zituen Hessi idatzitako gutunetan: "Ez duzu lan egiten, ez idazten, ez irakurtzen, ez pentsatzen", eta errudun sentiarazi zionhonela idatziz: "Urteak daramatzat nire denbora, betebeharrak, bizitza intelektuala eta ospea sakrifikatzen motibo noble hutsengatik".[37]
Erresidentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nobelek bere negozio-bizitzaren zati handi baten bidaiatu zuen, Europan eta AEBn enpresak mantenduz. 1865etik 1873ra, Nobel Krümmelen bizi izan zen (gaur egungo Geesthacht udalerrian, Hanburgotik gertu). 1873tik 1891ra, Parisko Malakoff etorbideko etxe batean bizi izan zen.[38]
1891n, Italiari Ballistita saltzeagatik Frantziaren aurkako goi-traizioaz akusatu ondoren, Paristik Sanremora joan zen bizitzera, Mediterraneo itsasoari begira dagoen Villa Nobel eskuratuz, eta han hil zen 1896an.[39]
1894an, Bofors-Gullspång eskuratu zuenean, Björkborn jauregia ere sartu zen, eta bertan ostatu hartzen zuen udan. Gaur egun museo bat da.[40]
Alfred Nobelen monumentua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alfred Nobelen monumentua (errusieraz: Памятник Альфреду Нобелю, 59.960787°N 30.334905°E) San Petersburgon dago, Bolshaya Nevka ibaiaren ondoan, Petrogradskaya ibaiertzean, Nobelen familia 1859ra arte bizi izan zen kalean.[41] 1991n inauguratu zen, lehen Nobel sariaren 90. urteurrena ospatzeko. Thomas Bertelman diplomatikoa eta Arkady Melua irakaslea izan ziren monumentua sortzearen sustatzaileak 1989an, eta monumentua ezartzeko funtsak eman zituzten. Sergey Alipov eta Pavel Shevchenko artistek diseinatu zuten metalezko eskultura abstraktua, eta leherketa bat edo zuhaitz baten adar bat dirudi.[42]
Kritikak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nobelen aurkako kritikak arma ekoizpenean eta salmentan izan zuen paper nagusian jartzen du arreta. Batzuek zalantzan jartzen dute sariak sortzeko motiboak, bere ospea hobetzeko direla iradokiz.[43] Adibidez, 1984ko Nobel Metamorfosiak artelan publikoan, Troisdorfen (Alemania) –garai hartan Dynamit Nobelen egoitza zegoen tokian–, eskulturak gerrako heriotzen estatistikak alderatzen ditu bakearen saridunekin, azken hau 1901ean kargu hartu zuenetik.[44]
Antisemitismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nobel antisemitismo erakustaldiengatik ere kritikatu izan da. Sofija Hessi bidalitako gutunetan, hau idatzi zuen: "Nire esperientzian, [juduek] ez dute inoiz ezer egiten borondate onez. Berekoikeriaz edo harrokeriaz jokatzen dute soilik... jende berekoi eta kontuan hartu gabearen artean, beraiek dira berekoienak eta kontuan hartu gabeen artean... beste guztiak lapurtuak izateko daude".[45]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) La voluntad de Alfred Nobel |. (kontsulta data: 2021-02-16).
- ↑ Nobelstiftelsen. (1972). Nobel, the man and his prizes. (3d ed. argitaraldia) American Elsevier Pub. Co ISBN 0-444-00117-4. PMC 579842. (kontsulta data: 2021-02-16).
- ↑ (Ingelesez) Carlisle, Rodney; American, Scientific. (2005-01-28). Scientific American Inventions and Discoveries: All the Milestones in Ingenuity--From the Discovery of Fire to the Invention of the Microwave Oven. Wiley ISBN 978-0-471-66024-8. (kontsulta data: 2021-02-16).
- ↑ Abrams, Irwin. (2001). The Nobel Peace Prize and the laureates : an illustrated biographical history, 1901-2001. (Centennial ed. argitaraldia) Science History Publications/USA ISBN 0-88135-388-4. PMC 47922880. (kontsulta data: 2021-02-16).
- ↑ a b c d e f g (Ingelesez) "Alfred Nobel". Encyclopædia Britannica.
- ↑ (Ingelesez) "Alfred Nobel's life and work". Nobel Prize.
- ↑ (Ingelesez) Lim, Alane. (2020). "Biography of Alfred Nobel, Inventor of Dynamite". Dotdash Meredith.
- ↑ (Ingelesez) "The Week in Preview: Alfred Nobel's father, Immanuel, invented a rotary lathe that became the key to manufacturing modern plywood". The Telegraph.
- ↑ (Ingelesez) "Ten Mining Campaigns That Shaped Mine Warfare". United States Naval Institute.
- ↑ (Ingelesez) Alfred Nobel. (2008). Némésis: tragédie en quatre actes. Belles lettres ISBN 978-2-251-44342-3..
- ↑ (Samieraz) "Alfred B Nobel – Svenskt Biografiskt Lexikon". sok.riksarkivet.se.
- ↑ (Ingelesez) Carlisle, Rodney. (2004). Scientific American Inventions and Discoveries. New Jersey: Wiley., 256 or. ISBN 0-471-24410-4..
- ↑ (Ingelesez) "Alfred Nobel – Dynamite".. National Museum of Science and Technology.
- ↑ (Ingelesez) Woods, Katherine. (1942). "The Life of Nobel; Alfred Nobel: Dynamite King – Architect of Peace. By Herta E. Pauli. With frontispiece.". New York: L. B. Fischer. The New York Times, 325 or..
- ↑ (Samieraz) "Alfred Nobel – Dynamite". Swedish National Museum of Science and Technology.
- ↑ (Ingelesez) "Alfred Nobel (1833–1896)".. BBC News.
- ↑ (Ingelesez) DePasquale, Sue. (2024). "The Inventor of Dynamite Left a Legacy of Peace" (PDF). Dixon Valve & Coupling Company.
- ↑ (Ingelesez) "Definition of ballistite". Dictionary.com.
- ↑ (Ingelesez) Andrews, Evan. (2020). "Did a Premature Obituary Inspire the Nobel Prize?". History Channel.
- ↑ (Ingelesez) Makovsky, Ken. (2011). "Nobel: How He Built His Reputation". Forbes.
- ↑ (Ingelesez) Schultz, Colin. (2013). "Blame Sloppy Journalism for the Nobel Prizes". Smithsonian Magazine.
- ↑ (Ingelesez) Abrams, Irwin. (2001). The Nobel Peace Prize and the Laureates. Watson Publishing International, 7 or. ISBN 0-88135-388-4..
- ↑ (Ingelesez) Fant, Kenne; Ruuth, Marianne. (1991). Alfred Nobel: a biography. New York: Arcade Publishing, 327 or. ISBN 1-55970-328-8...
- ↑ (Ingelesez) "The Nobel Peace Prize". Northern Light, Renaissance Books, 59–61 or. ISBN 978-1-898823-91-9, S2CID 243214222,..
- ↑ (Ingelesez) Hervey, Angus. (2017). "Why is there no Nobel Prize in technology?". Quartz.
- ↑ (Ingelesez) Henderson, Hazel. (2005). "The 'Nobel prize' that isn't". Le Monde.
- ↑ (Ingelesez) "Fact Check: Is the Economics Prize not a 'real' Nobel?". The Indian Express.
- ↑ (Ingelesez) Holmin, L. R.. (1996). "Alfred Nobel". Journal of Clinical Rheumatology: Practical Reports on Rheumatic & Musculoskeletal Diseases. 2 (5), 251–256 or. ISBN doi:10.1097/00124743-199610000-00004. PMID 19078079...
- ↑ (Ingelesez) Ringertz, Nils. (2014). "Alfred Nobel's health and his interest in medicine". Nobel Prize.
- ↑ (Ingelesez) "Alfred Nobel's Grave". Atlas Obscura.
- ↑ (Ingelesez) Kantha, S. S.. (1997). "Could nitroglycerine poisoning be the cause of Alfred Nobel's anginal pains and premature death?". Medical Hypotheses. 49 (4), 303–306 or. ISBN doi:10.1016/s0306-9877(97)90195-x. PMID 9352499...
- ↑ (Ingelesez) "The man behind the Nobel Prize: Remembering Alfred Nobel on his 184th birth anniversary". The New Indian Express.
- ↑ (Ingelesez) "Alfred Nobel's life and work". Nobel Prize.
- ↑ (Ingelesez) Bertha von Suttner. (1905). "Bertha von Suttner—Biographical". Nobel Prize.
- ↑ (Ingelesez) "The Nobel Peace Prize 1905". Nobel Prize.
- ↑ (Ingelesez) "The anti-Semitic, chauvinistic side of Alfred Nobel". The Jewish Independent.
- ↑ (Ingelesez) Rummel, Erika. (2017). A Nobel Affair: The Correspondence between Alfred Nobel and Sofie Hess.. University of Toronto Press ISBN 978-1-4875-0177-8. JSTOR 10.3138/j.ctt1pwtd68...
- ↑ (Ingelesez) Lemmel, Birgitta. (2013). "Alfred Nobel's House in Paris". Nobel Prize.
- ↑ (Ingelesez) Gozzo, Lorenette. (2016). "Alfred Nobel's final years in Sanremo". Nobel Prize.
- ↑ (Samieraz) "Björkborn Manor – Alfred Nobels Björkborn". nobelkarlskoga.se.
- ↑ (Ingelesez) Lemmel, Birgitta. (2013). "Alfred Nobel – St. Petersburg, 1842–1863". Nobel Prize.
- ↑ (Ingelesez) "Monument to Alfred Nobel". Saint-Petersburg.com.
- ↑ (Ingelesez) "How 'merchant of death' Alfred Nobel became a champion of peace". The Local.
- ↑ (Samieraz) Fant, Kenne. (2002). "Kenne Fant: Förtalskampanj bakom Nobels nobla testamente" [Kenne Fant: Slander campaign behind Nobel's noble testament.. ] Svenska Dagbladet.
- ↑ (Ingelesez) Ron, Nathan. (2018). "Alfred Nobel's Letters Reveal His anti-Semitic, Chauvinistic Side". Haaretz.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Asbrink, Brita (Summer 2002). "The Nobels in Baku" in Azerbaijan International, Vol 10.2, 56–59.
- (Ingelesez) Evlanoff, M. and Fluor, M. Alfred Nobel – The Loneliest Millionaire. Los Angeles, Ward Ritchie Press, 1969.
- (Ingelesez) Jorpes, J. E. (3 January 1959). "Alfred Nobel". BMJ. 1 (5113): 1–6. doi:10.1136/bmj.1.5113.1, PMC 1992347. PMID 13608066
- (Ingelesez) Schück, H, and Sohlman, R., (1929). The Life of Alfred Nobel, transl. Brian Lunn, London: William Heineman Ltd.
- (Ingelesez), R. The Legacy of Alfred Nobel, transl. Schubert E. London: The Bodley Head, 1983 (Swedish original, Ett Testamente, published in 1950).
- (Ingelesez) Alfred Nobel US Patent No 78,317, dated 26 May 1868